GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sagardo denboraldia giro ezin hobean ireki dute Nafarroako sagardogileek

Iaz hainbertze omenaldi izan zituen Barricada taldeak eman zion hasiera Nafarroako sagardo denboraldiari. Aldatz herriko Martitxonea sagardotegia izan da denboraldia irekitzeko aukeratu den lekua.

p023_f01.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Nafarroako sagardogileen elkarteak antolatuta atzo hasi zen eskualdeko sagardo denboraldia. Iaz Mikel Mindegia aizkolariak Lekarotzen egin zuen bezala, atzo Barricada taldeko Enrique Villarreal «Drogas»-ek egin zuen Nafarroako lehen txotxa Aldatz herriko Martitxonea sagardotegian. Urtero bezala, etxeko giroa nagusitu zen, eta sagardotegiko nagusia den Iñaxio Begiristain-ek ongi baino hobeki jakin zuen giro hori sortzen.

Nafarroan esanguratsuak bilakatu diren Baztango kirikoketalariak izan ziren euren soinu-kolpeekin kupeleko lehen txo- txa egiten lagundu zutenak. Oianko Garde, Xabi Torres eta Mikel Ortega baztandarrek arratsalde osoan eragin zituzten doinuak eta dantzak. Kirikoketa Baztanen berreskuratu den joku-musika da, behin sagardoa zanpatuta sagardogileek etxeko atarian edo herriko plazan egiten zuten bestan oinarritua. Erritmo berezi batean eta kantuz lagunduta asmatutako joku-musika da Kirikoketa, sagardoa egiterako orduan ospatzen zen besta egiteko asmatua.

Atzokoan ezin izan zuten hutsik egin Nafarroako denboraldia irekitzeko bestan ia urtero izan diren gonbidatuak. Baztango Kirikoketa bereziaren ondotik, behin «Drogas»-ek lehen txotxa egin zuenean, Martitxonea sagardotegian bildutako guztiak hurbildu ziren aretoan zeuden lau kupeletara, urteko lehen «mama goxoa» probatzera. Nafarroako kirolariek protagonismo berezia izaten dute besta horretan, eta iaz pilotariak gonbidatu zituzten bezala, aurten Osasuna taldeko futbolariek bete zuten mahai bat. Bertan ziren Krutxaga, Josetxo eta Izquierdo jokalariak, taldeko hainbat «promesez» inguraturik. Arreta bereziz segitu zuten sagardotegiko besta; kirikoketalariek eramandako «adarra» jotzen ere saiatu ziren jokalariok.

Bazkalondo girotua

Inaxio Begiristain ezaguna da sagardozaleen artean; berezkoa du besta sortzeko ahalmena, eta halaxe izan zen atzokoan ere. Agerian ziren kupelez gainera, Martitxoneako nagusiak barreneko gela batean ongi gordetako kupeletara ere gonbidatu zituen sagardozaleak. Gisa horretan, botilaratua izanen den sagardoa ezagutzeko aukera izan zuten hara hurbildutakoek. Bide batez, sagar patxa non xehatu edo prentsatzen den ere ikusi ahal izan zuten, txukun eta garbi ageri zen prentsaren gela zabalik baitzegoen Martitxonea etxearen ondoan.

Bazkalondoan ere musika eta dantza nagusitu ziren sagardo bestan: Baztandarrek txalaparta saio bat baino gehiago eskaini zuten eta txistulariaren eskutik «mutil dantzak» egin ziren.

gonbidatuak

Bertzeak bertze, Berri Txarrak, Barricada taldeko «Drogas», Baztango kirikoketalariak eta Osasuna futbol taldeko jokalariak gonbidatu zituzten Nafarroako sagardo denboraldiaren irekiera bestara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo