GARA > Idatzia > Pilota

Bigarren kanporaketa

Etxeberrik ez dio Lazkanori ezusterako tarterik utzi

ETXEBERRI 40

LAZKANO 32

J.L. | SARA

Bigarren kanporaketa Saran jokatu zen, eta hor ere ez zen ezusterik izan. Herve Etxeberri zen garaipena lortzeko faboritoa, eta irabazi egin zuen. Pilotaria gaztea da, itxaropen handiak daude berarengan, baina lesioak ere ugari izan ditu, eta orain arte ez du izan erakusterik berak ahal duen guztia.

Iaz ezin izan zuen Txapelketa hau jokatu min hartuta zegoelako, eta aurten bere mailarik onena erakutsi nahi du. Atzo irabazi egin zuen. Lazkano baino hobeto aritu arren, biek erakutsitako jokoa ikusita, gehiegi sufritu zuela esan behar.

Oso ongi ekin zion partidari, eta berehala aldea lortu, eta 10-2 aitzineratu zen. Hortik aurrera, Lazkano jokoan sartzen hasi zen, baita partida estutzen ere.

Urruñarrak lehen aldiz jokatzen zuen lehiaketa hau, berria baita profesionaletan, eta horrek ematen duen ilusioaz ekin zion atzoko partidari. Lehen tantoetan agertu zuen urduritasunak, baina, ez zion utzi bere jokoa egiten.

Apurka-apurka askatzen joan zen, eta Etxeberri estutzen ere bai, nahiz eta gero garaipena lortuko zuen pilotaria jokoan gailendu egiten zitzaiola nabarmena izan. Hala ere, partida puntu bakar batera jarri zuen, 20-19kkoa eta 27-26koa eginda, baina ez zuen asmatu. Etxeberririk onena ez zen ikusi atzo Saran, baina Lazkanok aukera izan zuenetan ere ez zuen asmatzen. Izkimotza eta sarea topatu nahi zituen, baina ez zuen asmatzen. Pilota taularatzen ere ahalegindu zen, baina berak nahi zuen emaitzarik ez zuen lortu.

Etxeberrik, ordea, ez zion utzi partida berdintzen, eta aukera izan zuenean, ez zuen barkatu. 9-3ko partziala lortu zuen eta markagailuan 36-29koa jarri. Ordurako partida oso aurreratuta zegoen, eta alde handia zeukan Hervek bere alde. Oso zaila zirudien Lazkanok horri buelta ematea, eta halaxe izan zen. Nahiz eta partidako azken txanpan Urruñakoak aurkariak baino kintze gehiago egin, ez zen nahikoa izan, eta Etxeberrik berak eraman zuen ondo landutako garaipena.

Atzoko garaipenak indar handia eman zion, eta hurrengo fasean sartzeko itxaropen handiak ditu, baina aurkari gogorra izango du bigarren kanporaketan, datorren igandean, Pausuan, Waltariren aurka neurtu beharko baititu indarrak.

Partida gaiztoa izango du. Berak ere badaki hori. Baina, galtzekorik ez du izango eta, irabazteko, berriz, asko. Lasaitasun horrekin jokatu beharko du eta presarik gabe kubatarrari partida luzatzen badio, estu eta larri harrapatuko du, izan ere, amerikarra, ez baitago horretara ohituta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo