Patti Smith artistaren marrazki, argazki eta idatziak erakutsiko dituzte Gasteizko Artiumen
Artiumek datozen hilabeteetan izango dituen erakusketen berri eman du eta, horien artean, urriaren 30ean Patti Smith artista iparramerikarrari eta Antoni Miraldari eskainitakoak nabarmendu ditu.
GARA | GASTEIZ
Gasteizko Artium museoak hasiberria den urterako atondu duen programazioan, Patti Smith artista iparramerikarraren eta Antoni Miraldaren erakusketek garrantzi berezia izango dute. Lehenaren lanaren inguruan, museoak bere hiru alderdi artistikoak uztartzen dituen erakusketa izango dela argitu du, hau da, alderdi artistikoa, literarioa eta musikala azkenik. Antoni Miraldak, berriz, elikadura eta gastronomiarekin zerikusia duten lanak erakutsiko ditu.
Horiek hala, Patti Smithen erakusketa urriaren 30ean inauguratuko dute, eta bertan, artistak egindako azken marrazki eta argazkiak erakutsiko dituzte, besteak beste. Smithen lan grafikoekin batera bere poema zein bestelako idatzi ugari ere bilduko dituzte. Christina Rosenvingek erakusketarekin bat etorriko diren hainbat abestiren hautaketa lana egingo du.
Era berean, «Agitar antes de usar» izenburupean, nazioarteko mailako bederatzi artista gaztek museoan bertan eta zuzenean beren lanak erakutsiko dituzte. Artiumek, zortzigarren urtez, Artium Bilduma ere erakutsiko du. Francesc Torresek memoria historikoaren berreskurapenaren inguruan egindako instalazio bat ere izango da ikusgai aurten Gasteizen; «Entornos próximos 08» ikusteko parada izango da, Euskal Herriko sormenaren osasunaren adierazle izan nahi duen erakusketa, eta Artiumek eskuratutako azken lanen aurkezpena ere bai. Urteko lehen erakusketa Ernesto Espositoren bilduma pribatutik aukeratutako lanekin osatuko dute. Esposito goi joskintzan ari da oinetakoak diseinatzen, eta Europako arte bildumagile garrantzitsuenetakoa da.
Aipatzekoa da azken bost urteetan egindako obra ugari bilduko dituztela hainbat erakusketatan.