Hondarribia-Irun NBA
Beste erronka zail bat Txingudiko neskentzat
Eurokopan jarraitzeko 19 puntuko desabantailari buelta eman behar diote Gospic kroaziarraren aurka
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Hondarribia-Irun emakumezkoen saskibaloi taldeak erronka benetan zaila du gaur Hondartza polikiroldegian (20.00). Bidasoako taldeak Eurokopako final-hamaseirenetako itzulerako partida jokatuko du Kroaziako Gospic talde indartsuaren aurka, eta joanekoan pilatutako 19 puntuko desabantailari buelta ematen saiatu beharko du. Emakumezkoen Ligan lortutako azken bi garaipenek emandako autoestimu puntua behar-beharrezkoa izango dute gaur Jon Txakartegiren neskek.
Erreferentzia argirik gabe joan ziren gipuzkoarrak aurreko astean Kroazia aldera, eta hasieran hondarribiarrak faborito zirela pentsatu arren, argi ikusi zen Gospic talde oso indartsua dela, batez ere, etxean jokatzen duenean. 90 eta 71 galdu zuen Hondarribia-Irunek, eta lehen laurdenean pilatutako atzerapena (28-8) zama astunegia izan zen euskaldunentzat. Pentsatzekoa da etxetik kanpo maila dezente baxuagoa agertuko dutela, baina puntuak erraz sartzen dituzten jokalariak badituzte.
Sandra Mandir da kroaziarren joko-antolatzailea, baita jaurtitzaile nagusia ere. Joaneko norgehiagokan hura izan zen bere taldeko saskiratzaile nagusia 19 punturekin. Mandirrekin batera, Mirjana Tabak hegalekoa eta Marina Mazic pibota dira Gospicen erreferentzia nagusiak erasoko jokoan. Txakartegiren taldeari 18 puntu sartu zizkion Tabakek joanekoan, eta Mazic horren fin aritu ez bazen ere, Italiako ligan jokatu izanak -Hondarribian ari den Begoña Garciarekin batera- duen mailaren berri ematen du.
Talde kroaziarra atzo iritsi zen Euskal Herrira eta lurreratu bezain laster egin zuten lehen entrenamendu saioa 19.00ak aldera. Denborarik galdu gabe, gaur goizean, 12.00ak aldera, beste saio bat egingo dute. Hondarribia-Irunek, aldiz, atzo arratsean egin zuen bere saioa. Bi taldeak gertuagotik ezagutu nahi duenak, beraz, badu aukera.
Koparako aukerekin
Europako lanak alde batera utzita, eta Eurokopako final-zortzirenetan sartzea benetan zaila dela kontuan izanda ere, aipagarria da Hondarribia-Irunek apurka-apurka buelta eman diola egin zuen denboraldi hasiera kaskarrari. Orain dela bi aste, garaipen oso garrantzitsua eskuratu zuen Cadi la Seu d'Urgell taldearen aurka, eta aurreko asteburuan 53 eta 71 irabazi zuen San Joseren kantxan, sailkapeneko hirugarrenaren etxean.
Azken bi emaitza horiei esker, gipuzkoarrek Kopa jokatzeko aukerak dituzte oraindik, eta, zorionez, sailkapeneko azken taldearen aurka jokatuko du Hondarribia-Irunek Kopan sartu ala ez, Mann Filter Zaragozaren aurka eta etxean.