GARA > Idatzia > Kultura

Ikerlari talde batek «Mona Lisa» famatua Lisa del Giocondo dela baieztatu du

p056_f03_88x124.jpg

GARA | BERLIN

Heidelbergeko Unibertsitateko ikerlari alemaniar talde batek argitu du, ustez, Leonardo da Vinciren erretratu famatuenaren identitatearen gaineko misterioa. Alegia, «Mona Lisa» Lisa del Giocondo dela dioen tesi zabalduena konfirmatu berri du.

Unibertsitateak argitu du «Mona Lisa»ren benetako identitateaz duela bi urte baino gehiago ohartarazi zuela Armin Schlechterrek, eskuizkribuetan aditua. Hain zuzen ere, hark egiaztatu baitzuen irribarre misteriotsudun emakumea Lisa Gherardini dela, Francesco del Giocondo Florentziako merkatari boteretsuaren emaztea. Historialari ugarik uste izandakoa ezeztatu zuen, beraz; izan ere, askok emakume irribarretsua Da Vinciren amorantetzat edo amatzat baitzuten, eta artista bera izan zitekeela ere bazioten beste batzuek.

Schlehterrek baieztapen horiek Heidelbergeko Unibertsitateko funts dokumentalaren katalogazio lanetan aurkitutako iturri batean oinarritu ditu. Izan ere, 1477. urtean inprimatutako Ciceronen edizio batek badu Agostino Vespuci Florentziako kantzelergoko funtzionarioaren ohar bat, eta han, Leonardo da Vinci Grezia Zaharreko Apeles margolari handiarekin alderatzen du.

Vespuciren oharrak 1503ko urriko data du, eta nabarmentzen du une hartan Da Vinci Lisa del Giocondoren erretratu batean ari zela lanean. Hala, ohartxoak ahalbidetu du azkenean, artelana noizkoa den zehaztea. Era berean, gainera, Giorgio de Vasariren baieztapenak ere berretsi egin ditu, azken hori izan baitzen 1550ean «Mona Lisa»ren nortasuna lehenbizikoz idatziz adierazi zuena.

Vasari (1511-1574) garaiko funtzionario handi bat zen, eta 1550ean katalogo artistiko bat kaleratu zuen. Bertan ageri zen erretratu ospetsua, 1503 eta 1506 urteen bitartekoa zela aipatuta.

Egun arte, beti zalantzan

Nolanahi ere, Giorgio de Vasariri ez zitzaion sinesgarritasun handirik eman. Bere katalogoa koadroa pintatu eta ia 50 urte geroago argitaratu zen, eta, gainera, Leonardo da Vincik berak sekula ez zuen aipatu erretratua. Hori guztia dela-eta, orain «Mona Lisa»ren egiazko identitatea dirudien hori beti egon izan da zalantzan.

Heidelbergeko Unibertsitateak gogorarazi du Schlechterren aurkikuntza 2005eko maiatzean argitaratu zela, ikasketa zentroan inkunableen inguruko erakusketa bat antolatu zela-eta, editatu katalogo batean. Han ageri zen, bada, Ciceronen obra, Vespucik Da Vinciren eta «Mona Lisa»ren inguruan idatzitako ohartxoa alboan zuela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo