GARA > Idatzia > Osasuna

Jaitsiera postuetan

Juanjo Lorenzok Zigandaren lan ona defendatu du

Egoerak hobera egiten ez badu «beste mota bateko neurriak» har daitezkeela esan zuen Kirol Zuzendariak

p041_f01_148x92.jpg

GARA | IRUÑEA

Juanjo Lorenzok Osasunaren egoera aztertu zuen atzo, baita Jose Angel Zigandarena ere, hainbat kritika jaso baitu azken egun hauetan, batez ere talde gorritxoa jaitsiera postuetan sartu ondoren.

Kirol Zuzendariak argi utzi zuen erantzukizuna ez dela entrenatzailearena, berarena baizik. Lorenzok, hala ere, «egoerak hobera egiten ez badu beste mota bateko neurriak» egon daitezkeela onartu zuen. Ez zuen argitu nolako neurriak izango diren, baina alde horretatik futbolean ez da ustekabe handirik egoten.

«Gauzak ondo doazenean, askoren meritua dela dirudi eta gaizki doazenean, berriz, gutxi batzuen errua -esan zuen-. Baina gure talde teknikoak frogatu du bere profesionaltasuna eta eguneko 24 orduak eskaintzen dizkiola klubari. Gauza bat gogorarazi behar dugu, ia UEFAko finalean sartu gintuen entrenatzailea dela». Lorenzoren esanetan, Zigandak ez dauka taldearen errendimenduaren errua. Erantzukizuna berea dela nabarmendu zuen, fitxaketak egiten dituena bera dela argudiatuz.

Entrenatzailearen alde egin arren, Kirol Zuzendariak ez zuen Ziganda «berretsi, hori ez baita kontua -adierazi zuen-. Futbolean, helburuak lortzeko epeak daude. Egoerak hobera egin ezean, beste mota bateko neurriak hartuko ditugu». Badirudi, hala ere, ez dela egungo arazoa, Lorenzoren esanetan Zuzendaritzaren jokaera ezin hobea izaten ari baita. «Patxi Izkoren portaera eredugarria da, ez daukagu inolako kexarik. 20 ala 44 puntu eduki, Izkok berdin jarraitzen du eta hori oso zaila da futbolean», esan zuen.

Jokalariei dagokienez, Kirol Zuzendariak nahiago du «balorazioak denboraldi amaieran egin. Orduan ikusiko dugu jokalarien errendimendua ona ala txarra izan den, eta erantzukizuna neurea izango da -errepikatu zuen-. Baina orain, garrantzitsuena helburua lortze aldera bloke bat izatea da».

Horrexegatik, ez du Lorenzok argi ikusten fitxaketak egitearen aukera, «etortzen diren jokalariei, batez ere atzerritarrak badira, egokitzea kosta egiten zaie, egutegiak ez baitu atsedenik eskaintzen. Aukera hori aztertzen ari gara, baina argi dago nabarmenki laguntzeko moduan dauden jokalariak izan beharko liratekeela, horrelakoak ez badira taldea moteldu baitezakete». Gainera, «jokalari bat etortzeko, beste bat irten beharko litzateke», gogorarazi zuen.

Lorenzok, azkenik, zaleei buruz hitz egin zuen. «Zaleen haserrea ulertzen dut, baina nire ustez ezin ditugu erabakiak hartu zaleen presioaren arabera, beti ere nolabaiteko eragina duten arren» adierazi zuen.

Derbia

Azkenik, Athleticen aurkako partida «oso garrantzitsua» dela onartu zuen Lorenzok, «baina ez erabatekoa, onerako edo txarrerako, maiatzean ikusiko baitugu helburuak bete ditugun. Eta sailkapena nola dagoen kontuan hartuta, bigarren itzuliak erabakiko du hori».

Atzo atseden hartu ondoren, gaur hasiko da talde gorritxoa norgehiagoka hori prestatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo