Realaren erantzunaren zain daude gorri-urdinak
A.U.L. | EIBAR
Aurrera doa fitxaketak egiteko epea eta, azken urteetan ez bezala, Eibarrek ez du jokalari berririk ekarri.
«Ez da erraza», onartu zuen Javi Perezek. Alde batetik, Eibarrek oso jokalari zehatzak eta, batez ere, oso onak nahi dituelako, eta «oso maila ona ematen ari den taldea hobetu beharko baitute». Eta, bestetik, orain arte jo diren ateen erantzuna ezezkoa izan delako. «Valladolidek klausula hura sartu nahi izan zuen Kike uzteko; Celtak ezetz esan digu Maricekin eta Adriani dagokionez -honek ere Celtan jokatzen du-, bere ordezkaria izan da ezetz esan diguna», azaldu zuen.
Hala, Realaren erantzunaren zain dago taldea. «Aste honetan zer edo zer esan dezakete, baina beraiek ere ondo aztertu behar dute», esan zuen Perezek. Hasiera batean, Viguera eta Agirretxe dira helburuak.
Aste honetan, bestetik, azterketa sakona egingo diote Txiki Acazi, pubisean dituen arazoak konpontzeko operatu beharra duen ala ez erabakitzeko.