GARA > Idatzia > Futbola

Izaera mantentzea, bizirauteko egokiena

 

Manex ALTUNA

Iribarrek selekzioaren Gabonetako partidaren aurretik GARAn egindako elkarrizketa batean Euskal Herriko jokalarien izaera ezberdina aipatzen zuen. Lan egiteko orduan «eskuzabalak eta oso diziplinatuak» direla zioen. Azken urteetan gizartean aldaketa sakona eman da eta bertako futbolarien nortasunean ere eragina izan du. Euskal futbola krisian dagoela esan ohi da gaur egungo jokalariek garai bateko adore eta grina galdu dutelako. Egia izan daiteke, baina lehen itzuliko azken jardunaldiak irribarrea berreskuratzeko arrazoiak daudela erakutsi du.

Lehenik eta behin, harro egoteko modukoa da une honetan Lehen Mailako taldeak zuzentzen sei euskaldun daudela ikustea. Ez da kasualitatea, lehengaia egon badago. Valverde, Unai Emery, Mendilibar, Lotina eta Zigandari Ander Garitano batu zaie. Nahiz eta Zaragoza bezalako talde bat entrenatzea ez den lan samurra izango, zerbait eduki behar du Athleticeko jokalari ohiak horrelako aukerak ez baitira zerutik erortzen.

Jokalariei dagokienez, Joseba Llorentek Recreativori sartutako hiru golak ere adierazgarriak dira. Kostata lortu du hondarribitarrak Lehen Mailan toki bat egitea, baina merezita dauka. Konpromiso handiko jokalaria dela goraipatzen dute alde guztietan.

Caparrosek ere Athleticeko jokalariez hitz egitean behin eta berriro errepikatzen duen ezaugarria da. Txikitatik elkar ezagutzen dutenez harreman estu hori zelaian baliatu behar dutela esaten du. Ziur asko azken bi denboraldietan mailari eustearen arrazoi nagusia horixe izan da. Beste edozein talde Athleticek bizi izan dituen komeriekin putzura eroriko litzateke.

Iruñea aldean berriz, kezka da nagusi jaitsiera postuetara erori ondoren. Lehen Mailan bizirauteko Osasunak bere izaera berreskuratu beharko du. Ziganda, Puñal eta Krutxaga modukoek gidatu beharko dute taldea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo