GARA > Idatzia > Euskal Herria

16.000 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute Donostiako danborradan

11.466 heldu eta 4.666 haur aterako dira datorren igandean Donostiako kaleak alaitzera. Ez dute helburu makala: San Sebastian egunean, 24 orduz, danbor doinuak eta etenik gabeko besta izatea. Aurten, Donostiako Orfeoiko 120 bat kidek hartuko dute parte bandera igoeran.

p023_f02.jpg

GARA |

Urtarrilaren 19an, gaueko hamabiak puntu-puntuan direnean, urtero Donostiako danborradari hasiera ematen zaio hiriko bandera jasoz. Aurten, Gaztelubide Elkarteak 75 urte bete dituenez, orfeoiko 120 kide inguruk ere hartuko dute parte Konstituzio Plazan eginen den ekitaldi ofizial horretan.

Abeslariek, kontzertuetan erabiltzen duten uniformea soinean, Gaztelubideko eta bertze elkarte batzuetako hirurogei ordezkarien danborren eta upelen doinuekin elkartuko dituzte euren ahotsak. Ez da lehenbiziko aldia izanen, 1997an, plazan obrak hasi zituztenean, banderaren igoeran abestu baitzuten Donostiako Orfeoiko kideek.

Zenbakiak

Odon Elortza alkateak, Kulturako ordezkari Ramon Etxezarretak eta Donostia Kultura Festak-eko zuzendari Maria Jesus Torresek hainbat datu eman zituzten atzo prentsaurrekoan. Aurten, guztira 101 konpainia aterako dira helduen danborradan, horietako hiru lehenbiziko aldiz: Espai Catalunya Topalekua, Beti Erreala Danborrada eta Tamborrada Amaratarra.

Talde horietatik 23 gizonezkoenak izanen dira, 77 mistoak eta bakarra emakumeena. 8.000 gizonek eta 3.400 emakumek parte hartuko dute, ia 3.000k danborra joz, 5.800ek upela eta gainerakoek kantineraren, gastatzailearen edo banderadunaren paperean. Gainera, Union Artesana elkarteak antolatuta, hamazazpi danborradak Placido Ezeiza zenari omenaldia eginen diote igande arratsaldean Alderdi Ederren. Ezeiza Peña Anastasioko hiru danborradetako arduraduna zen.

Baina aitzinetik, goizean, haurrek astinduko dituzte makilak. 52 taldek, 4.666 umek emanen diote kolorea Alderdi Ederri eta hiriaren erdialdeari. Aurreko egunetan ere, desfile ofizialetik kanpo, izanen da danbor eta upel errepikarik. Hortaz, orotara 6.832 haurrek parte hartuko dute bestan, prentsaurrekoan zehaztu zutenez.

Igandean, Amara Berri ikastetxeko danborradak bandera altxatuko du Armerias plazan eta ondoren bi obra berri joko ditu: Aizarnazabalen Martxa eta Beti Elgoibar. Prentsa ohar batean azaldu dutenez, pieza berri horietaz gain, Deberen eta Mamiren martxak ere joko dituzte Amarako plaza horretan.

Ekitaldian ohorezko zapia ere eman ohi diote elkarte edo pertsonaren bati, egindako lana eskertze aldera. Aurten, Amara Berri Kirol Elkartea izanen da saritua, «eskolako kirola zabaltzeko eta garatzeko egin duen lan handiagatik».

Gauerdia iristsitakoan bukatuko da hainbat eta hainbat donostiar hunkitzen duen jaia, Konstituzio Plazara itzuli eta bandera jasotzean.

OBRA BERRIAK

Amara Berri ikastetxeko danborradak bi obra berri joko ditu igandean, Armerias plazan, bandera igo eta segidan: Aizarnazabalen Martxa eta Beti Elgoibar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo