Jon Bilbao Mororen askatasunaren alde lortutako mila sinadura helarazi dizkiote Gallizori
GARA |
Hogeitasei urte bete ziren atzo Jon Bilbao Moro erandiotarra Guardia Zibilak Astrabuduan gatibu hartu zuenetik. Harrezkero eta nahiz eta dagoeneko bere zigorra osorik betea izan, preso jarraitzen du Alacanteko Fontcalent espetxean. Hori dela eta, Jon Bilbao Erandiora plataformak 40 lagun eraman zituen igandean kartzela horretaraino. Bertan, albokaz eta txalapartaz lagundurik elkarretaratzea egin zuten.
Antolatutako baidaia aprobetxatuz, plataformak berak hilabeteetan zehar Bilbaoren askatasunaren alde jasotako mila sinadura eta bizi duen egoera salatzen duen agiria helarazi zizkien batetik, Fontcalent-eko espetxe zuzendariari eta, bestetik, Espetxe Erakundeetako zuzendari nagusi Mercedes Gallizori.
Plataformak «ankerkeritzat» jo du Estatu espainolak Bilbaorekiko erakusten duen jarrera. Gainera, jokabide horrek erandiotarra Europa osoko preso politiko «zaharrenetarikoa» izatera eraman duela gogorarazi du.
Jorge Etxeberria, kartzelara
Bestetik, Askatasunak azaldu zuen Polizia espainolak Jorge Etxeberria atxilotu zuela atzo Aulestin, «desordena publikoa» egotzita Auzitegi Nazionalak ezarritako hiru urteko zigorra betetzeko. Aulestin, 250 pertsonek protesta egin zuten iluntzean.
Hain justu, presoen eskubideen alde, astelehenean elkarretaratzeak egin zituzten, besteak beste, Zaldibian (25 lagun), Ataunen (25), Euban (8), Otxarkoagan (25), Iurretan (54), Abadiñon (11), Berangon (24), Laudion (37) eta Astigarragan (22).