GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | ika-mika interneten

Egiptoko erregina bat, azken-aurreko eztabaidan protagonista

I

p006_f01_199x101.jpg


Haritz RODRIGUEZ

Iruña Veleiako aztarnategian hainbat grafito aurkitu zirela ofizialki 2006ko ekainean jakinarazi zutenetik, asko izan dira Interneten piztu diren ika-mikak.

Azkenekoak, Iñigo Uribe aztarnategiko eta komunikazio arduradunak Youtube.com gunera eramandako bideo batekin du zerikusia. Bertan «Nefertiti» hitza agertzen da. Baina garaiko egiptoarrek hitz hori zehatz nola ahoskatzen zuten jakitea ia ezinezkoa da, bokalak ez baitzituzten idazten eta «E» hizkia ez baitzuten erabiltzen. Bideoan ageri dena XIX. mendeko ikerlariek antzinako egiptoera hizkuntzan idatzitako hitzak «arbitrarioki» transkribatzeko adostutako arau baten ondorioa da, Juan Carlos Moreno egiptologoaren esanetan. Beste arrazoi batzuen artean, horregatik ere ezin da III. edo IV. mendean idatzitakoa izan.

Celtiberia.net eta Egiptologia.com izan dira azkenaldian Iruña-Veleiako aurkikuntzen aurrean eszeptikoen iritzia eta eztabaida gehien sustatu duten guneak. Egia da Interneten denetariko iritziak aurki daitezkeela, aldekoak nahiz kontrakoak, eta horietako asko eta asko ez direla fidagarriak. Baina ez da egia txikiagoa ingurune akademikoak eta zientzialariak izan direla, hain zuzen, Interneten erabilera zibila egin duten lehenengo komunitateak. Beraz, sareko eztabaidaguneetan ere aurki daitezke hausnarketa kualifikatuak.

Ez da hori Iñigo Uribe komunikazio arduradunaren iritzia. Aipatu bideo horren berri izan eta berehala, GARA egunkariak Iruña Veleiako zuzendaritzarekin harremanetan jartzeko saiakera ugari egin du. Egunkari honek Uriberekin hitz egiteko aukera izan du soilik, kanal ofizialei dagokienez. Besteak beste bideoari buruzko galderak egin nahi zitzaizkiola esan zitzaionean, «txikikeria»tzat jo zuen gertakaria eta ahaleginak egin zituen Interneten agertzen diren iritziak orokorrean gutxiesteko.

Bideo hartan ustez Iruña Veleian aurkitu eta ordura arte erakutsi gabeko bi pieza ageri ziren gutxienez. Horietako batean «Veleia Nova» irakur zitekeen eta, bestean, «Nefertiti» eta agian «Nefertari» ere bai. GARArekin elkarrizketan, Uribek baieztatu egin zuen bideo horren egiazkotasuna. «Gabonei begira grabatu genuen bideo bat da. Promozio materiala. Ez du zerikusirik ikerketarekin. Lagun batzuek egindako lana izan da, mesede bat. Kontua da, bideoa osatzeko irudi gehigarriak beharrezkoak zirela, eta indusketa egiten ari ziren bitartean hartutako irudi batzuk tartekatu zituztela». Bideoa Uribek berak jarri zuen sarean eta bertan agertzen direnak, ofizialki bederen, aztarnategian agertutako hezurrak dira.

«Promozio bideoa»

Nefertitiren afera, bestalde, lehenago ere izan zen aipatua indusketa taldeko kide baten ahotan. Hain zuzen ere, Noticias taldeko egunkariei ikerketa taldearekin batera publikoki agertutako Montserrat Riusek eskainitako elkarrizketa batean (2006ko ekainaren 9a). Tübingengo (Alemania) unibertsitateko irakasle eta egiptologia aditu gisa aurkeztu zuen bere burua. Ramses eta Nefertiti faraoi-erreginen izenak idatzita ageri zirela esan zuen elkarrizketa hartan Riusek, eta Iruña-Veleiako garaiko testuinguruaren inguruan hipotesi eta espekulazio ugari bota zituen. Ordutik ez da berriz Iruña-Veleiako ikerlarien alboan agertu jendaurrera.

Bideoa ikusi eta berehala Centre National de Recherche Scientifiqueko (CNRS) egiptologoak, Juan Carlos Moreno barakaldoarrak, bere iritzia plazaratu zuen. Morenok berak baieztatu dio GARAri bideoan agertzen diren hezurretan argi eta garbi ageri dela «Nefertiti» hitza eta, ia seguru, «Nefertari» ere bai. Egiptologoaren ustez, ordea, ezinezkoa da III. edo V. mendean Egiptoko erreginaren izena inork horrela idaztea, antzinako egiptoeran ez zutelako horrela ahoskatzen. Eta zehatz- mehatz nola ahoskatzen zuten jakitea ere ia ezinezkoa da, idazterakoan ez zituztelako bokalak erabiltzen. Beraz, XIX. mendean, garaiko ikerlariek «arbitrarioki» erabaki zuten «NFR» jartzen zuen tokian «E» bokala tartekatzea, ahoskagarri egiteko. Hezur horretako idazkerak, beraz, nekez izan zitezkeen orain dela 150 urte baino lehenagokoak. Ika-mika piztu eta egun gutxira, Iñigo Uribek berak ezabatu egin zuen saretik «promozio» bideoa ei zena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo