Oihane Sagaseta Lopez
Zure seme-alabari bularra ematea
Zure seme-alabak eta zuk zeure giza gorputzaren benetako naturari, biziraupen senari edo ongizateari erantzun badiezue, jakin behar duzue gure jendarte honetan, gaur egun oraindik, honako egoerak topa ditzakezuela:
Guraso bikote batek bi urte eta erdiko mutikoarekin eta sei hilabeteko umetxoarekin Burlatako haur ludotekara joatea erabaki du, mutikoa pare bat orduz liburu artean jolas dadin.Printzipioz, aukera polita familiaren ikuspegitik, arratseko seiak baitira eta kalean giroa ilun eta hotz baitago jada.
Modu sinestezinean, ordea, egoera bihurritu eta zapuztu egin da ludotekako liburuzaina amarengana hurbildu denean, honek bere umetxoari bularra ematen zion bitartean «hau ez da umeari titia amateko tokia», esan dio.
Hona hemen guztioi egiten dizkizuedan galderak: Umetxoak biberoia hartu izan balu liburuzain anderea amarengana hurbilduko al zen? Haur ludotekan, antzokian, kalean, autobusean, kafetegian, banketxean... umeak elikagaia behar baldin badu, amak komunera erretiratu behar al du titia eman ahal izateko?
Munduko toki guztiak egokiak dira bularra emateko, eta ahalik eta giro onena sortzea da inguruan gaudenon eginbeharra. Lastima liburuzaina amarengana ez hurbiltzea hark zerbait behar ote zuen edo gustura ote zegoen galdetzera.
Eutsi goiari, ama guztiok, askotan bularra emateak zailtasun andana eragiten baitu. Norbaitek toki hau edo bestea bularra emateko desegokia dela esatea besterik ez genuen behar.
Lerrook ama-edoskitzea defenditzen duten pertsona eta elkarteak zoriontzeko baliatu nahi dut, ama askok elkarte eta pertsona horien laguntzari esker egiten baitute aurrera.
Azkenik, hezkuntza eta elikadura eskubide unibertsalak direla oroitarazi nahi dut, askotan konturatzen ez bagara ere.