GARA > Idatzia > Kultura

Zortzi hilabeteko itxialdia gainditu ondoren Sarako leizeak berriz zabalik

Iragan maiatzetik joan den astelehenera bitartean itxita egon dira Sarako leizeak, uholde batek instalazio elektrikoa eta museoa txikituta utzi eta gero. Zortzi hilabeteko borrokaren ondotik, jendea berriz hartzeko moduan apailatu dituzte leizeak eta hurrengo sasoiari begira itxaropentsu daude bertako arduradunak.

p047_f01_250x104.jpg

Eneritz ZABALETA

Iazko maiatzaren 4a zen. Goizaldean (goizeko bostak inguruan), gau osoan egindako euriteak Axuria mendian luizia eragin zuen eta Sara eta Senpere ingurua urpetuta gelditu zen: «Gau horretan, meteorologia adituek ekaitz zelularra deitzen dutena pasa zen Saratik. Bi orenez, hilabete bakar batean bezainbeste euri bota zuen. 1,5 eta 2 metro arteko olatua sortu zen, eta eskualdea txikitu zuen. Euritearen ondorioz, Sarako leizeak kokatuta dauden Axuria menditik, lurra erori, eta leizeak urak hartu zituen». Hala azaldu du Sarako leizeetako arduradun François Pouyet-ek gau hartan gertatutakoa.

Euriteagatik, aspaldian gogoratzen ez den moduko uholdeak urpetuta geratu zen Sara-Senpere-Azkaine eskualdea. Sarako leizeetan, berriz, triskantza izugarria egin zuen bertako eraikinetan eta instalazio elektrikoetan: «Leizeetako kanpoaldeko aparkalekua, museoa eta parke megalitikoa egoera kaskarrean utzi zuen. Leize barnean, berriz, bisitarako ezarritako bide guztia, eta argiaren eta bideoaren instalazioak aldatzeko utzi zituen».

Triskantza instalazioei dagokionez, baina leizeak berak ez zuen askorik sufritu uholdeagatik: «Leizea errekaren bidearekin osatu da. Ez dio inolako eraginik egin horrek guztiak, leizearen bizitzan iragandako beste pasadizo bat da», argitu zigun Pouyetek.

Bisitarako beharrezko tresneriaren egoera ikusirik, dena berriz instalatu beharrean egon ziren leizeetako arduradunak. Zortzi hilabeteko lana, azkenean bere fruituak eman dituena: «Kanpoaldea azkar txukundu genuen, bertan makinak ibili baitziren lanean. Barnekoa, berriz, eskuz egin behar izan dugu. Instalazio elektrikoa funtsezkoa da, leizeetako bisita argi eta bideo plan batez egiten baita. Baina, ingurune natural hau errespetatzeko, zortzi hilabete behar izan ditugu, instalazioa leize batean txertatzea ez baita erraza» eransten du Pouyetek. Zortzi hilabeteko lanaren ondotik, eta 400.000 euroko inbertsioaren ondotik, berriz zabalik daude Sarako leizeak, iragan astelehenetik.

Aste Santuko eta udako denboraldirako prest daukate, beraz, saratarrek ipar Euskal Herrian turistek gehien bisitatzen duten hirugarren gunea. Bide batez, arduradunek leizeari bizi berri bat emateko baliatu dituzte uholdeak: «Bisitei dagokionez, gune berri bat erantsi diogu ibilbideari. Gune honetan, leizeak kokatuta dauden ingurumen geografikoa, Sara eta inguruko herriak, ezagutzera emanen dira». Laminen eta sorginen mitologia, eta leizeetako gizakien aurkezpenaz gain, eskualdea ezagutzeko parada izanen da bisita bakoitzean.

Leizeen argitzeak ere berrikuntzak izan ditu, ingurumenaren errespetua hobetzeko asmoz: «Instalazio elektriko guztia berritu dugu. Argiketarako, LED lanparak esperimentatzen gabiltza. Berotze eta argitasun goxoagoak dituzte lanpara hauek, eta leizea gutxiago erasotuko dute», dio Pouyetek. Zoritxarrari probetxu ateratzea, zaila den arren, posible dela erakusten dute halako ekimenek.

Horiek horrela, 2007ko sasoia itxita pasa ondoren, galderaz beteta ekingo diote Sarako leizeetako arduradunek hasi berri den 2008ko honi: «110.000 ikusle hartzen genituen urtero. Aurten, itxieraren ondoren, ez dakigu nola erantzungo duen jendeak. Espero dezagun, 100. 000 bisitari hartzera iristea» erran zigun François Pouyetek, etorkizunarekiko baikor. Urak dakarrena urak daroa. Uholdeek urtebetez eraman zituzten Sarako leizeak, eta aste honetako euriteekin, haren itzulera gertatu da. Uholdeena leizeen historia luzean etenaldi soil bat besterik ez izateko esperantzan daude bertako langile eta arduradunak. Lerro berri bat idazteko gogoz daude orain.

 

Sarako leizeak

Ordutegia: 14:00etatik 17:00etara irekita.

Prezioak: Helduentzat 5 ¤, nerabeentzat (14-17 urte) eta elbarrientzat 4 ¤ eta haurrentzat (6-13 urte) 3 ¤.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo