Duela 28 urte gerra zikinak hildako lau bizilagunak omendu dituzte Alonsotegin
GARA |
Atzo bete ziren 28 urte Alonsotegiko (Bizkaia) Aldana tabernan izandako erasotik. GAE hizkien izenean aldarrikaturiko atentatuak lau hildako utzi zituen. Berrogei lagun bildu ziren atzo erasoa gertatutako lekuan, eta gertaera haiek oroitu bidenabar, hainbat alderdiren utzikeria, eta beraz, konplizitatea, salatu zituzten.
Garai hartan Euskal Herri osoan gerra zikinak ekarritako ondorioak gogorarazi zituzten, «abertzaletasun sentimendua zigortzeko» saia- kera izan zela jakinaraziz. Azaldu zutenez, «gure herriak prezio garestia ordaindu zuen: Mari Paz Ariño, Pacifico Fika, Manuel Santaco- loma eta Liborio Arana, dozenaka zauriturekin batean, euskaldunekiko gorrotoaren biktima errugabeak bihurtu ziren». Erasoa gertatu eta ondorengo orduetan, «azken 28 urteetan ikusi dugun bezala, gertaerak argitzeko Estatuak eta polizia indarrek behatz bat ere ez zutela mugituko jakin genuen», adierazi zuten herritarrek. Horrez gainera, «informazioaren intoxikazioa» salatu zuten, erasoa ETArekin lotzen saiatu zirela gogoraraziz. Ikerketa GALeko buruetako bat izan zen Jose Amedoren esku utzi izana gaitzetsi zuten.
«Inpunitatea», atzo eta gaur
Azken tortura salaketak ere gogoan izan zituzten Alonsotegin, duela 28 urteko gertaerak bezala, horiek ere ez direla argituko ohartaraziz. Go- bernu ezberdinek halakoei emandako «inpunitatea» gaitzetsi zuten, baita PSOE, PP, EAJ, EA eta IU alderdiek hainbat biktima albo batera uztea ere, eta herritarra den Iñigo Urkulluren jarrera bereziki kritikatu zuten.