GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Andres Urrutia Euskaltzainburua

Euskaltzaindia eta EEP: hitzarmen baten atarian

Hasi besterik ez da egin, baina hitzarmen hau bestelako pausoa da, Euskaltzaindia goi mailako erakunde moduan aitortzeko

Gaur, urtarrilak 24, sinatuko da Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, Euskaltzaindiaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko hitzarmena. Horra hor urrats berria, euskara bera Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan indartzeko. Bistan da horrek ekarriko dituela euskararentzat, Iparraldean, abagune berriak. Horretarako sortu da, sortu ere, Euskararen Erakunde Publikoa, bertara bildu dituztela Frantziako botere publikoek euskarari buruzko ahalak.

Aspaldikoa da Euskaltzaindiaren eta Frantziako agintarien arteko lankidetza. Hartara, soka luzea dakarren horrek emaitza esanguratsuak ahalbidetu ditu, hala nola, Baionan Euskaltzaindiak ireki duen bulego berria, euskal toponimia finkatzeko lana, eta, zer esanik ez, Iparraldeko euskaltzainek Euskaltzaindiaren zereginetan parte hartzea.

Bi-bitara datoz, beraz, hitzarmen honen emaitzak eta ondorioak: lehen-lehena, euskara bera indartzea bizitza publikoan eta jendaurreko jardunean; bigarrena, aldiz, euskal lanak sustatzea Iparraldean. Hainbatez, testu honek tresna-izaera du, hain zuzen ere, helburu horietan aitzinatzeko tresna baliagarria.

Tresna-izaera hori, hasteko, politika eta ideologia orotik kanpo dago. Tresna horrek azpimarratzen du, haatik, Iparraldeko botere publikoen erabakia, bertan, agerian eta biziberriturik ager dadin euskara.

Hasian hasi, tresna horrexek ixten du Euskaltzaindiaren ekina, beharrezko diren baliabide ekonomikoen katea bermatzeko. Aipa ditzagun, lehendabizi, 2005. urtean Euskal Autonomia Erkidegoarekin eta foru-herrialdeekin sinaturiko hitzarmenak. Jarrai dezagun Nafarroako Gobernuarekin indarrean dagoena gogoratuz. Eta alboan ere ezin utzi Espainiako Gobernuak ematen duen diru-laguntza azpimarragarria.

Hasi besterik ez da egin, baina hitzarmen hau bestelako pausoa da, Euskaltzaindia goi mailako erakunde moduan aitortzeko. Jada egina da hori Euskal Autonomia Erkidegoan nahiz Nafarroakoan, eta oraintxe dator Iparraldearen orena.

Esan gabe doa horrek Euskaltzaindiari berebiziko bultzada emango diola, Euskararen Akademia bera ere eraberritze prozesu sakonean sartuta dagoelako azken urteotan. Kideak, baliabideak eta eginkizunak ari dira aldatzen, ezari-ezarian.

Berriztatze hori, dena dela, ezinbesteko zaio Euskaltzaindiari, batez ere, XXI. mendeko behar eta premiei erantzuteko. Horretan ari garenok, bestalde, argi dugu bide horretan Euskaltzaindiak batera jokatu behar duela, dela botere publikoekin, dela unibertsitate eta hizkuntza-industriekin, dela euskara eta euskal kulturaren arloko elkarte eta eragileekin.

Batera jokatze horrek, elkarlan horrek, aintzat hartu behar du Euskal Herriko lurralde desberdinen egoera politiko, sozial eta kulturala. Argi dago euskarak batzen gaituela; hor dugula bateratzen gaituen nortasunaren osagaia. Argi dago, halaber, batasunak, nahitaez, eraberekotasuna ez duela esan nahi, horrek euskara uhertu eta herdoildu baino ez baitu egiten.

Gaur, Bilboko Plaza Barrian, Euskaltzaindiaren egoitzan, euskara eta frantsesa mintzatuko dira. Hor izango dugu aukera aparta berriro ere bi hizkuntzak, gaztelaniarekin batera, herri honen errealitate bizi eta esanguratsuak direla aldarrikatzeko.

Era berean, Euskaltzaindiak beteko ditu, beste behin ere, azken laurogeita hamar urteetan egin duen bezalaxe, sorrerako helburua, alegia, euskara ikertu eta jagotea, euskararen herrialde guztietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo