GARA > Idatzia > Musika

«Ez dugu soul beltza jotzen duten irlandar mutiko zuriak izatearen konplexurik»

p056_f01_200x125.jpg

Dick Massey eta Kenneth McCluskey

Jatorrizko The Commitments taldeko kideak

Jimmy Rabitte-k amets bat zuen: soul musika Dublinera eramatea. Derek eta Outspan bere adiskideek adore emanda, talde bat antolatzea erabaki zuten hirurek. Horretarako, testu xume hau zuen iragarkia jarri zuten: «Baduzu soulik? Horrela bada, munduko talde langileena zure bila dabil». Jaio berria zen The Commitments taldea eta hamabost urte geroago bere soul musikak munduan biraka jarraitzen du

Ixai BARRENETXEA | BILBO

Alan Parker-ek zuzendu zuen 1991n «The Commitments», etorkizun handirik gabeko gazte talde baten soul musikarenganako zaletasuna ohitura moduan erakutsi zuen film musikala. Aurrekontu txikia eta arrakasta lortzeko etorkizun handirik gabe egina, nolabaiteko oihartzuna izan zuen «The Commitments» filmak. Hots banda arrakasta biribila izan zen eta filmean parte hartu zuten kideetako batzuk oldarrean atera ziren errepidera soul musika agertoki guztietara eramateko. 15 urte baino zerbait gehiago igaro eta gero, Dick Massey, bateria, eta Kenneth McCluskey, gitarra, jatorrizko taldeko kideak, Gara-rekin mintzatu dira Euskal Herrian eskainiko dituzten bi emanaldien aurretik.

¿The Commitmentsek ba al du konplexu zuririk soul beltzaz?

Dick Massey: Ez dugu soul beltza jotzen duten irlandar mutiko zuriak izatearen inongo konplexurik. Irlandar koloreko osagaiak dituen soula jotzen dugu eta, gainera, kantak ez ditugu jotzen 60ko hamarkadan izan zirenaren kopia berdin-berdinak balira bezala. Dena den, urteen buruan ezagutu ditugun soul artista handi guztiek, hala nola Sam Moore, Ben E King, James Brown, BB King edo Wilson Pickett-ek, denek errespetatu dituzte bai egin dugun eta egiten ari garen lana, nahiz klasiko handi horiek jotzeko dugun modua bera ere.

Kenneth McCluskey: Ez, ez daukagu. Musika gure bihotzetik, burutik eta irudimenetik ateratzen da. Ez daki koloreez.

Irlandarrak Europako beltzak direla esan zen filmean. Beharrezkoa al da halako gabezia bat soula sentitzeko?

D.M.: Irlandarrak geure existentziaren zati handi batean zapalduta egon ginen jende gaixoa izan ginela pentsatuz esandakoa da esaera hau. Nik ez dut uste beltza, working class (langilea) edo behartsua izan beharra dagoenik soula sentitzeko, baina, zalantzarik gabe, lagungarri gerta dakizuke. Soul musikak maitasuna eta bizitza ditu mintzagai, eta bihotzetik sortutakoa da. Kartsua da. Nik uste dut munduan jende gehienak uler ditzakeela gauza hauek.

K.M.: Irlandarrak belaunaldiz belaunaldi zapalduta egon izanean du oinarri konparazioak. Musika zeltak eta soul amerikarrak asko dute komunean. Langile jendearen musika dira.

Irlandak asko egin du aurrera ekonomia mailan azken hamarkadetan eta biztanleko irabazkin jasoa duen herrialdea bilakatu da. Modu ezberdinean ikusi edo sentitzen al da orain soula, urrun gelditu al da filmean islatutako garaia?

D.M.: Bai, egia da Irlandak asko egin duela aurrera ekonomia mailan azken hamabost urteetan eta honi esker «The Commitments» filma egin genuen garaian, 90eko hamarkada hasieran, zenaz oso bestelako lekua bilakatu dela. Nik uste dut hura oso bestelako istorioa izango zatekeela gaur egun. Lehengora itzuliz, Irlandak %20ko langabezia pairatu zuen eta oso herrialde txiroa ginen. Eskola amaitzen genuenean ez geneukan lanik, horregatik, gazte asko musika tresna ezberdinak jotzen hasi ziren, asti asko baikeneukan, asti asko baitzeukaten gure eskuek zerbaitetan emateko. Filma gaur egina izan balitz, oso bestelakoa izango zatekeen.

K.M.: Bai, jende gaztearentzat bestelako kontua da orain, lan onak eta diru asko baitauzkate denek. Gauzak bilatzen dituzte, eta soul musikak batak bestea besterik ez duten gizonezko eta emakumezko baten arteko maitasuna du hizpide. Hori da benetako maitasuna.

Zer egiten duzue zuen emanaldiak ohikoan murgiltzea saihesteko?

D.M.: Arreta handia jartzen dugu geure buruak ez aspertzen. Guk jotzen gozatzen badugu, hori ikus-entzuleengan islatzen da. Sarri ikus dezakezu ikus-entzuleekin eta haiek zurekin ezarritako harreman ederra nola iristen den sinesgaitza den azken gailurrera arte. Steve Cro-pper soul gitarra-jotzaile eta maisuak esan zidan behin The Commitmentsek, talde bezala, berpiztarazi zuela soul musika. Nik uste dut hori dela gure ekarpenik handiena talde bezala. Alan Parkerren filmak bluesa eta soularenganako interesa susperrarazi zuen, 80ko hamarkadan Blues Brothers taldearekin gertatu zen antzeko zerbait.

K.M.: Taldeak eta ikus-entzuleek bat egiten dute ikuskizunak irauten duen bitartean. Ezberdina da gau bakoitza. The Commitmentsen kontzertu bakoitzean benetakoak dira musika tresna guztiak, ez dago deus aldez aurretik grabatuta edo playback-ean.

Soul eskola baten moduko zerbait al zarete?

K.M.: Commitmentsen mezua da ospea ez dela garrantzitsua, norberak bere buruarengan sinestea dela zinez garrantzitsua.

 
HASIERA

«Eskola amaitzen genuenean ez geneukan lanik, horregatik, gazte asko musika tresna ezberdinak jotzen hasi ziren, asti asko baikeneukan, asti asko baitzeukaten gure eskuek zerbaitetan emateko»

PROIEKTUA

«Steve Cropper soul gitarra-jotzaile eta maisuak esan zidan behin The Commitmentsek, talde bezala, berpiztarazi zuela soul musika. Nik uste dut hori dela gure ekarpenik handiena talde bezala»

Fitxa

Noiz: Gaur, Bilbon.

Larunbata, Iruñean.

Lekua: Kafe Antzokia (Bilbo) eta Baluarte (Iruñea).

Ordua: 20.00etan.

Sarrerak: 20 euro Bilbon,

14/24 euro Iruñean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo