GARA > Idatzia > Musika

Logika. Bizitza. Pentsamendua. Kantuaren logika.

Abesti bakoitzak bere egia azaltzen du eta baita inposatu ere, baina beti ispilura joaten da bere buruari atsegin egitera. Kontrako adibidea. The Clash taldeko Joe Strummer gitarra- jotzailea zenari galdetzen ziotenean zein zen bere abestirik kutunena edo onena, egingo zuen hurrengoa izango zela erantzuten zuen

Ritxi AIZPURU

Musika argitaratzailea

Agindupeko kantari edo taldearen logika: arrakasta izan edo edozein egoera eta edozein abesti estilora egokitu biziraun nahi baldin bada. Kantari sinesdun eta fededunaren logika: mundu guztiari beti erakutsi nahi izango dio berak duela egia bakarra eta biribila; ondorioa, bere kantuarekin mundu guztia konbentzitu eta salbatu nahi du. Kantari edo talde galtzailearen logika errekonozimenduaren bila baino irabazlearen dohain eta ahalmen berberak dituela pentsatzea da eta ea zergatik berari ez zaion gertatzen irabazleari suertatzen zaiona. Beti garaipenaren inbidiatan. Kantari edo talde irabazlearen logika: ekintza edo jarduera txikiena ere gauza bakar baten atzetik joatean datza; hots, jendearen esker onarengatik eta haren aintzatespenarengatik edozer, edonoiz, edonon eta edonorekin. Kantari edo talde aprobetxategiaren logikaren barruan, besteen lepotik bizitzea eta haien kantuak imitatzea, beno, bertsioak egitea. Kantari edo talde itxurosoaren logikan, bere itxura da balekoa eta inkisidore lanak egiten ditu, beti, ordea, itxura gordez, jakina. Kantari edo talde ortodoxoen logika Groucho Marx antzezleak film batean botatakoa da: «...eta hauek dira nire printzipioak edo portaera arauak, eta ez badituzu gustuko, bada, beste batzuk ere baditut».

Kantari edo talde logikoaren logika pentsamenduen zirimolan dabilena da. Beste hainbat logika egon daiteke. Sortzen diren kantu guztiek, ordea, jatorriz inoiz egin diren abesti onenaren desira (batzuetan) edo handinahia (beste batzuetan) dute, baina gehienetan baita pentsatu ere beste abesti guztien gainetik dagoela norberak asmatu duena. Abesti bakoitzak bere egia azaltzen du eta baita inposatu ere, baina beti ispilura joaten da bere buruari atsegin egitera. Kontrako adibidea. The Clash taldeko Joe Strummer gitarra-jotzailea zenari galdetzen ziotenean zein zen bere abestirik kutunena edo onena, egingo zuen hurrengoa izango zela erantzuten zuen. Abesti hori Infinitoan dago, beraz, inoiz existituko ez den abestia. «Beti berdin pentsatu izanaz harrapuzten denaz barre egiteko gogoa ematen dit. Inork defendatzen duenean pentsatzeko moduaren aldatzeko beharraz bizitza bera aldatu delako, bertan akabatzeko gogoa ematen dit» (S. Lopez Petit). Kantuek ere badute euren logika. Batzuk gustukoak ditut. Beste hainbat kantu, aldiz, ez. Bazen Lora Logic izeneko abeslari eta saxo-jotzaile bat.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo