GARA > Idatzia > Musika

Disko Berriak Aritz Sound System

Ekialdetik mendebaldera dantzan

p058_f01_32x32.jpg

New York hiria ospetsua da eraikuntza handiengatik eta etxe-orratzen hiria deitzen diote. Horrez gainera, ezaguna da bere kaleetan bizi den jendearen jatorri anitzagatik. Auzo beltz, txinatar edo latindarrak dira ezagunenak, baina mundu osoko herri eta kulturen ordezkariak aurki daitezke bertan. Europa ekialdeko ordezkaritza ere bada bertan eta horren adibide da Balkan Beat Box taldearen musika. Tamir Muskat bateria, programatzaile eta ekoizlea (Firewater taldekoa), Gordon Bordello saxo-jotzailea (Ori Kaplan taldeko kide izan zena) eta Big Lazy dira egitasmo honen bultzatzaile nagusiak. Oinarrian, Europa ekialdeko erritmoak (Balkanetako eta Mediterraneoko kutsua duten doinuak) dub eta erritmo elektronikoekin elkartzen dituzte. Ez da definitzen erraza. Imajinatu ijitoen txaranga bat base erritmiko elektronikoen gainean zoro moduan jotzen. Abesteko garaian rap eta ragga melodiak ere aurki daitezke. Balkanetako txarangak, elektronika eta New Yorkek eskaini dezakeen saltsa guztia. «Nu Med», taldearen bigarren diskoa da, eta bertan musikari asko izan dituzte bidaia lagun; horien artean, Victoria Hannah, The Bulgarian Chicks, Uri Kinrut, Dana Leong eta Hassan Ben Jaffar. Balkan Beat Box bezalako taldeen diskoek festarako gonbidapena egiten dute lehenengo kantutik, baina talde hauen indar guztia zuzenekoetan atzeman daiteke. Inprobisatzeari tarte handia uzten zaio eta musikariak trance egoeran sartzen dira. Ikusgarriak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo