GARA > Idatzia > Editoriala

Hamar urte adierazpen eskubiderik gabe

Hamar urte dira «Egin» eta Egin Irratia itxi zituztela. Ia bi hilabete, berriz, besteak beste «Egin» argitaratzen zuen enpresa Orain SAko ordezkariei eta egunkari horretako zuzendariari eta zuzendariordeari espetxe zigor gogorrak ezarri zizkiotela. Hamar urte horiek izan zituzten hizpide atzo Donostian hedabide eta berri agentzia ugaritako hainbat eragile eta langilek, zigortutako lagunei elkartasuna adierazi eta urteotan hedabideen aurkako erasoak salatzeko agiria jendaurrean aurkeztu zutenean, euren iritziz, «duela hamar urte hasitako bidegabekeriarekin aurrera jarraitzea deliberatu» baitute. Dagoeneko 250etik gora atxikimendu jaso duen agiriak, gainera, kartzelatuei ezarritako sakabanaketa politika ere salatzen du, preso horiek pilatu duten bigarren bidegabekeria, alegia. Halaxe sumatzen dute euskal herritar askok, halaxe alderdi politiko, sindikatu eta gizarte mugimendu gehienek.

Eta ez dirudi oker daudenik, hamar urte horietan, «Egin» eta Egin Irratiaren ostean, «Ardi Beltza» aldizkaria eta «Euskaldunon Egunkaria» itxi baitituzte. Eta duela hilabete eta erdi pasa, 18/98 sumarioaren epaiak Orain SAko ordezkariak eta kazetariak kartzelatu ostean, komunikazioaren arloko beste zenbait lagunek auzipetuta jarraitzen dute. Eurek auzipetuta eta euren hedabideak itxita. Eta horiek ere espetxera joateko arriskuak bere horretan dirau. Euskal gizarteko beste hainbat arlotako sektore jakinen aurka bezala zabaldutako bide horri, eskubide urraketa nabarmen horri, ez baitzaio bukaerarik antzematen, zuzenbidezko estatuak herritarrei zor dion babesa antzematen ez den era berean. Bai, ordea euskal gizarteko sektore zabalen babesa, isilarazitako ahotsei beren ahotsa lagatzeko prest daudenen babesa.

Atzo nabarmen geratu zen hedabideen munduko lagun askoren elkartasua, zigortutakoekiko elkartasuna; baina baita adierazpen askatasunaren aldeko konpromisoa. Izan ere, kartzelatutakoei egindako bidegabekeria larria ukaezina da, baina ez da txikiagoa adierazpen askatasunak azken hamar urteotan jasan duen erasoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo