GARA > Idatzia > Mundua

«Boliviak ez du atzera egiterik», esan du Moralesek bere bigarren urteurrenean

Bi urte igaro dira dagoeneko Boliviako indigena batek gidatzen duen Sozialismorantz mugimenduak hauteskundeak irabazi zuenetik. Balantzea egiteko orduan, Boliviak atzera egiterik ez duela nabarmendu zuen Evo Morales presidenteak Kongresuaren aurrean.

GARA |

«Duela bi urte ireki genuen bideak atzera bueltarik ez duela esan nahi diot Boliviako herriari». Hitz horiekin hasiera eman zion Evo Morales presidente eta buruzagi indigenak Kongresuan egin zuen hitzaldiari.

Bi urte bete ziren herenegun Moralesen MAS alderdiak hauteskundeak irabazi ondoren Gobernu berria eratu zenetik. «Jada inork ezin izango du herrien nahien gainetik interes arrotzik inposatu eta urte luzez pairatu behar izan dugun lapurreta ekonomikoa eta trikimailu politikooak amaitu dira», azaldu zuen.

2005eko abenduan agindu zituen proiektuen artetik, gauzatu diren Asanblada Eratzailea eta Konstituzio berria aipatu zituen. Hidrokarburuen nazionalizazioa ere gogora ekarri zuen eta Boliviak 2007. urtean 2.000 milioi inguruko etekinak berreskuratu dituela iragarri zuen.

Departamentuen autonomiak ere bermatutzat jo zituen, hainbat eskualdetako gobernadoreekin Gobernuak dituen auziak baztertu gabe. Aurreko egunetan su-etena iragarri dute bi aldeek lehia gogor horretan.

Ekonomiak izan duen hazkundeaz gain, hezkuntza arloan lortutako emaitzak nabarmendu zituen. 2001ean 1,2 milioi boliviarrek ez zekiten ez irakurtzen ez idazten. Egun udalerrien erdian analfabetismoari amaiera ematea lortu da. Bolivia osoa «analfabetismorik gabeko lurralde» bihurtzea espero du aurten Moralesen Gobernuak.

Boliviarren gehiengoa indigenez osatuta dago eta horien aurkako arrazakeriari eta tolerantzia ezari ere aurre egin diotela goraipatu zuen.

Lan baldintzak

Lan arloan, kaleratzeak %50 murriztea lortu du Gobernuak azken bi urteotan, eta aurten gutxieneko soldata %10 igotzeko asmoa agertu zuen Morales presidente indigenak.

KUBARI ESKER ONA

Hezkuntzan eta osasunean, Kubak «inperioraren mehatxurik handiena jasan arren solidarioena den herrialdeak» emandako laguntza eskertu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo