GARA > Idatzia > Athletic

Racingen kontrako joaneko partida

Bilbotarren ametsa gorpuzteko ezinbesteko zita Santanderren

Zuri-gorriak emaitza on baten bila irtengo dira Sardineron, azken sei urteetako beren hirugarren Kopako finalerdira begira jartzeko

p039_f02_148x136.jpg

Beñat ZARRABEITIA | BILBO

Aurreko astean Espanyol penaltietan menderatu ostean, Athleticzaleengan Koparako ilusioa nabari da. Orain, zuri-gorriek hurrengo erronkari aurre egin beharko diote Santanderren. Txapelketa honetako final-laurdenak gaur hasiko dira bilbotarrentzat, eta beren helburua datorren asteazkenean jokatuko den bueltako lehiari begira emaitza positibo bat lortzea da.

Bizkaitarrak baikor dabiltza. Itzulerako norgehiagoka etxean jokatzea abantaila da, baina ez dute konfiantzarik nahi. Jakin badakite, finala lau partida eskasera dagoela, eta azken bost urteetan birritan sartu direla finalerdietan-2002an Real Madrilen kontra eta 2005ean Betisen aurka penaltietan-, nahiz eta azken pausoa emateko zorterik izan ez duten.

Aurreko kanporaketetan gertatu legez, Caparrosek minutu gutxiago pilatu dituzten futbolariei emango die aukera. Horiek hala, Asier del Horno, Ustaritz, Tiko, Muñoz, Garmendia edota Fernando Llorente aritu daitezke hasierako hamaikakoan. Horiekin, andaluziarrak Ligan ohikoak diren jokalariak ere sartu ditu deialdian: Ocio, Orbaiz eta Aduriz. Aitor Ramos gazte bermeotarra eta Eneko Rubio, aldiz, ez ditu zerrendan sartu, nahiz eta azken egunetan lehen taldearen lan saioetan parte hartu. Gainera, badirudi ezkerraldeko pibotea Caparrosen taldean entrenatuko dela denboraldia bukatu bitartean.

Sardineron egongo ez direnak Luis Prieto eta Yeste dira. Izan ere, biek partida bateko zigorra bete behar dute. Fernando Amorebietak, nahiz eta igandean bosgarren txartel horia ikusi, jokatzeko aukera izango du. Dena den, igandean, Bartzelonaren aurka, Iurretakoak derrigor hartu beharko du atseden.

Aurrean ez dute aurkari batere erraza izango zuri-gorriek. Racing denboraldi bikaina egiten ari baita. Kantabriarrak, ezustean, UEFArako txartela ematen duten postuetan sailkatuta daude egun, eta Kopan ere txukun ari dira.

Racing, aurkari gogorra

Marcelinoren mutilek ederki asko jakin dute orain arte sartutako golak errentagarri bihurtzen. Asturiarrak zuzentzen duen taldeak 20 gol soilik erdietsi ditu, baina bere atean beste hainbeste jasota, marka ezin hobea du.

Kopan ere ibilbidea ona dute Santanderrekoek. Final zortzirenekotan Zaragoza mendean hartu zuten Sardineron jokatutako partidan oso joko ona erakutsiz, eta orduan Ander Garitanok zuzentzen zuen ekipoari 4 eta 2 irabaziz.

Athleticek ez bezala, Racingek ohikoak diren hainbat jokalari zelairatuko ditu. Hortaz, Garay, Duscher, Jorge Lopez, Oscar Serrano, Colsa, Ebi Smolarek edo Tchite hasierako hamaikakoan arituko dira.

RACING-ATHLETIC
TXATO NUÑEZEN ERREKURTSOA

Tolosarrak erregu helegitea aurkeztuko du EAEko Auzitegi Nagusian. Eskariaren arabera, Garcia Macuak 250.000 euro ordaindu beharko lizkioke kalte-ordainetan. Horretaz gain, presidentea bere blindatzearen erantzule solidario egin nahi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo