Mamarigako kultur etxea, bizirik irauteko apostu tinkoa egin duen proiektu herrikoia
Santurtzin, Mamarigan, bada kultur etxe bat, berezia. Herritarrek urte luzez kudeatutako espazioa da, jarduera handia duena. Mehatxupean da orain, udalak haren lursailari beste erabilera bat eman nahi dio-eta.
Izaskun LABEAGA | SANTURTZI
Mamariga auzo handia da, Santurtziko Udalak bere gisa utzitako herritar multzoa, biztanle askoren aburuz. Hala, beharrizan- ei beren kasa erantzuteko joera izan dute bertoko elkarte eta taldeek. Ildo horretatik, kultur etxea sortu zuten duela hamazazpi bat urte.
Kultur etxea auzo elkarteak jarri zuen martxan. Eskola hutsik gelditu zen, ikasleak Itsasoko Amara aldatu zituztenean. Hustutako ikastetxe zaharra biltegi bezala erabili zen denboraldi batez; auzokoek arratoiez garbitu eta eraikina okupatu zuten, kultur arloan zeuden gabeziak bete asmoz.
Orduz geroztik, ibilbide luzea egin du kultur etxeak. Asanblada bidezko funtzionamendua du: «Gaur egun nagusitu den txeketegi bidezko kulturarekin zerikusirik ez du hemen egiten denak», azaldu dio GARAri bertoko kide den Urtzi Sertutxak. Partaidetzako jarduerak lehenesten dituzte, baita antzinako ohiturekin bat datozenak ere.
Bi solairu ditu Mamarigako kultur etxeak: behekoan txokoa jarri dute martxan. Proiektu berrienetakoa da hau, oraindik bertaratzen ez zen jendea lokalera erakarri duena. Mingotza taldearen tailerra ere bertan kokatzen da. Goiko pisuan bideo gela eta dantzalekua daude. «Ordua hartzeko zaila dago, egunero dago zerbait; aurten abesbatzak ere entseguak egiten ditu berton eta musika talde batek, Abrakadabrak».
Hamazazpi urtean hainbat dira egin behar izan dituzten berrikuntza lanak: margotu, komunak jarri, itoginak kendu eta teilatuaren konponketa, besteak beste. Jaietako txosna dute diru iturri nagusia.
Parking baten mamua
Udalarekin harremanak tirabiratsuak izan dira hainbat aldiz. «Hasierako unean udalarekin hartu-emanak egon ziren baina elkarrizketak hautsi eta autokudeaketaren alde egin zuten» kultur etxearen sortzaileek.
Javier Cruz (PSOE) alkatearen garaian irtenarazte agindua jaso zuten. «Kultur etxearen azpian dagoen lursailerako proiektu bat zuela zioen. Prentsa bidez jakin genuen parking bat egin nahi zuela bertan». Orain EAJk du gehiengoa eta berriro agertu da aparkalekuaren mamua. Urte hasierarekin, bilera bat egin dute bi aldeek. «Frontoian erabilera anitzeko aretoa egin nahi dutela esan digute eta badakigu aparkalekuak sortu nahi dituztela kultur etxea dagoen tokian. Guretzako ez da eraikin soil bat, proiektu bat da, planteamendu argi batekin. Jarraipena eman nahi diogu eta ez digute hori ziurtatzen. Badakigu Mamariga liburutegi eta ludoteka baten beharrean dagoela baina ez du zertan gure desagerpena ekarri behar», salatu dute.
Kultur etxea duela hamazazpi urte sortu zuten. Hustutako ikastetxe zaharra biltegi bezala erabili zen denboraldi batez; auzokoek arratoiez garbitu eta eraikina okupatu zuten, kultur arloan zeuden gabeziak bete asmoz.
«Frontoian erabilera anitzeko aretoa egin nahi dutela esan digute. Guretzako kultur etxea ez da eraikin soil bat, proiektu bat da, planteamendu argi batekin. Jarraipena eman nahi diogu eta ez digute hori ziurtatzen».