GARA > Idatzia > Saskibaloia

Emakumeen liga Hondarribia-Irun

Manel Sanchez, Txakartegiren ordezkoa

GARA | HONDARRIBIA

Arin mugitu dira Hondarribia-Iruneko zuzendariak Jon Txakartegiren ordezkoa bilatzeko orduan. Hala, entrenatzaile donostiarra kalera bidali eta bi egunera Txingudiko badiako taldeak publiko egin zuen teknikari berriaren izena: Manel Sanchez galiziarra. Aurtengo denboraldia amaitu arte izango da gipuzkoarren teknikari.

Kopatik at geratu ostean, bi egunen buruan, «moztu» zitzaion lepoa Jon Txakartegiri. Ondorioz, bigarren entrenatzaile postutik aurrenekorako jauzia eman behar izan du Oscar Ceak behin-behinean. Hala, bera izango da larunbat honetan Hondarribia-Irun gidatuko duena Ros Casares indartsuaren aurka.

Eskarmentua, nahi bestekoa

Bere aldetik, Manel Sanchez ostiralean iritsiko da Hondarribira eta astea amaitu aurretik aurkeztuko dute. Ziurrenik Rivas Futuraren aurkako neurketarako hartuko du entrenatzailearen lekua.

Saskibaloi munduan nahi den besteko eskarmentua duen gizona da Sanchez. Bai gizonezko bai emakumezko saskibaloi taldeen entrenatzaile izan da. Esaterako, makumeen Ligako Yaya Maria Breogan taldeko teknikaria. Azken aldian, berriz, EBA Ligako Estudiantes Lugo eta Celtas de Foz taldeetan ere egon da.

Jokalari gisa ere nor izan zen: Lugoko Breoganekin 243 partida jokatu zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo