Herri bozetako hautagaiei euskal preso politikoak ez ahanzteko deia egin diete
Askatasuna eta Etxerat elkarteek, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hauteskundeetako hautagaiei euskal preso politikoen aldeko neurriak hartzeko bost eskakizuneko gutuna igorri diete.
Eneritz ZABALETA |
Hurrengo martxoko udal eta departamendu hauteskundeei begira, euskal preso politikoen aldeko konpromiso bila hasi dira Askatasuna eta Etxerat elkarteak. Horretarako, Estatu frantsesean azken hauek bizi duten egoera larriaren inguruan, hautagaiei zuzenduta, bost puntutan oinarritutako engaiamendu zerrenda prestatu dute.
Askatasuneko kide Oskar Bizkaik Estatu frantsesean euskal presoen egoera zein den laburbildu zuen lehenik: «170 preso politiko daude Estatu frantsesean, 35 presondegitan sakabanatuta. Baldintza gero eta gogorragoetan espetxeratuak dira. 15 bakartuta daude, eta batzuek, Saioa Sanchezek kasu, atxiloketa egunetik espetxe funtzionarioekin baino ez dute harremanik izan. Gero eta gehiagori, bikotekidea ikusteko eskubidea ukatu egiten zaie».
Bost eskakizuneko galdea
Hori dela-eta, Etxerat-en eta Askatasunaren hitzetan, lekuko hauteskundeetara aurkezten diren hautagaiei «konpromiso sendoak» galdegiteko tenorea da. Horretarako, Etxerat elkarteko Jeanine Beyriek jakinarazi zuenez, Estatu frantsesean euskal preso politikoen egoera zein den aurkezten duen txosten bat helaraziko diete. Txostenarekin batera, beraien herrietan eta Paueko Kontseilu Orokorreko Parlamentuan, presoen aldeko neurriak hartzeko eskakizuna egingo dute egunotan.
Udal eta departamentu bozetako hautagaiei eskatutako konpromisoak bost puntutan txertatu dituzte. Lehen eskakizuna, sakabanaketa eta urruntasun politika publikoki salatzea da. Ondoren, hautagaiei herri bakoitzeko presoekiko eta senitartekoekiko engaiamendua hartzea eskatu diete: «Presoen egoeraz informatzea eskatzen diegu, familiaren edo komiteen bidez, baita presondegi zuzendariari bizi baldintza onargarriak eskatzeko ere, edo Justizia ministroari euskal preso politikoak Euskal Herriratzeko eskatuz», zehaztu zuen Bizkaik. Hirugarren eskakizuna, familiari diru laguntza eskaintzea da. Azkenik, herriko presoen egoera gizarte zabalari hedatzeko galdea luzatu zieten Etxerat-ek eta Askatasunak, baita salbuespen lege eta epaitegiak desagertzeko ere.
Datozen asteetan, hautagaiekin biltzeko asmoa azaldu zuten atzoko agerraldian, eta haien partetik jasotako «erantzun edo erantzun ezaz» publikoki berri emateko konpromisoa hartu zuten.
Ikusteke dago hautagaiek eske hauekiko erakutsiko duten jarrera. Orain arte, departamentuko Parlamentuan, euskal preso politikoen gaia sistematikoki saihestu da «Espainiaren arazoa» dela egotzita. Bestalde, lege batek parlamentariei presondegiak bisitatzeko eta bertako bizi baldintzen inguruan infor-mazioa jasotzeko aukera ematen badie ere, ez Grenetek, ez Poulouk, ez Lassallek eta ez Borotrak ez dute halako bisitarik egin. Erran behar da, Landesetako diputatu Emmanuellik eskubide hori erabili zuela Baionako presondegia bisitatu eta bertako bizi baldintzak gertutik ikusteko.
Orain arte, hautetsiek preso politikoekiko izan duten jarrera ez da positiboa izan. Paueko Parlamentuan beti saihestu dute gaia lantzea, «Espainiaren afera» dela argudiatuta.
Hautagaiei igorritako gutunean, Estatu frantsesean preso dauden euskal herritarren egoera tamalgarria bost eskakizuneko idatzian salatu dute.