GARA > Idatzia > Mundua

Antartidako izotza gero eta azkarrago urtzen ari da, ikerketa baten arabera

Antartidako izotza urtzen ari dela jakina zen, baina nazioarteko ikerlari talde batek frogatu egin du urtze horren abiadura gero eta handiagoa dela. Itsasoko ura berotzeak Antartidako glaziarren isuria handitu duelako gertatzen da hori adituen ustez.

GARA |

Antartidako izotzaren urtze abiadura %75 hazi da azken hamar urteotan, eta, dagoeneko, Groenlandikoaren parekoa da, atzo AEBetako NASA erakundeak eta unibertsitateetako ikerlari talde batek jakitera eman zuenaren arabera.

Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileak jelaren urtze abiaduraren hazkundeaz ohartu ziren, 1996an itsasoen ur-maila urteko 0,3 milimetro eta 2006an 0,5 milimetro igotzen zela ikusi zutenean. Eric Rignot ikerlariaren arabera, Antartidan izotz gehien galtzen ari diren zonaldeak mendebaldeko Pine Island Bay eskualdea eta iparraldeko penintsula dira.

Izotz galera Antartidako glaziarrek itsasorako bidean duten abiadurak ere gora egin duelako gertatzen ari da. Izotz zati hauek abiadura handiagoa hartzen dute orain itsasoko uraren tenperaturak ere igo egin delako.

«Glaziarren isuria handitzeak eragin handia dauka, baina ez erabatekoa Antartidako izotzaren orekan», gaineratu zuen Rignotek.

Ikerketa hau egiteko NASAren eta Europako, Kanadako eta Japoniako sateliteek 15 urtez lortu dituzten datuak erabili dira.

Zientzialariek adierazi zutenez, 1996an 112 gigatona jela galdu ziren Antartidan, 2006an, berriz, galdutako kopurua 196 gigatonakoa izan zen. Gigatona bat, mila milioi tona dira.

Joan den martxoan NASAk berak plazaratuko datuak baino okerragoak dira atzo jakitera eman zirenak, urtze abiadura %20 hazi baita.

Rignotek nabarmendu zuenez, datu hauek hemendik aurrera Antartidan jazotzen dena gertutik ikertu beharra frogatzen dute.

«Aldaketa klimatikoak uste genuena baino eragin handiagoa du Antartidako izotz-plataformetan», gaineratu zuen Rignot ikerlariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo