GARA > Idatzia > Ikusmira

BBVAren eraginkortasuna eta haren ifrentzua

BBVAk joan den urtean sei mila milioi eurotik gora irabazi zituen, 2006an baino %29 gehiago, alegia. Banku horretako presidente Francisco Gonzalezek atzo esan zuenez, udan hasitako likidezia krisia ekonomia errealera aldatzen ari da, baina BBVA «oso indartsu dago». Datu horiek argi uzten dute banku horrek eta horren gisako transnazionalek, ekonomia atzeraldiak gorabehera, krisiak gorabehera, beti emendatzen dituztela etekinak. Deigarria da urteko emaitza distiratsuak aurkeztu eta, aldi berean, laguntza-neurri fiskalak eskatu izana; deigarria, halaber, ekonomiaren abiadaren neurgailua norberaren etekinak izatea. Badirudi krisialdietan, eta kasu askotan krisirik gabe ere, ekonomia kaskarra duten milaka herritarrek ez dutela laguntzarik behar. Aitzitik, horiei krisiak gainditzeko sakrifizioa eskatzen diete.

BBVAko presidenteak oso emaitza onak aurkeztu zituen atzo, eta horiek, zalantzarik gabe, bankuko zuzendaritzaren eraginkortasunaren erakusgarri dira. Hala ere, emaitza horiek ez dira islatu bankuko langileen baldintzetan. Joan den urtean zuzendaritza horrek izan zuen jarrera ez zitzaien hain ona iruditu bankuko langileei, enpleguak kentzen eta lekualdatzen ari direla salatu baitzuten haiek eta sindikatuek. Besteak beste, atzo harro agerrarazi zuten eraginkortasunaren ifrentzua da hori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo