Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakaria
Euskal curriculuma, konpromisoak irutziz
XXI. mendeko Euskal Herriak iraungo badu, mundu modernoan eguneratuta dauden herri emantzipatuekin homologatu beharra dauka. Horrek eskatzen du, besteak beste, curriculum propioa
Euskal Autonomia Erkidegoko Curriculuma, derrigorrezko eskolaldirakoa, PPk epaitegietara eraman du. Hizkuntza ereduak omen dira gakoa. Gizarte zibilaren ekimen itxura ere eman nahi dio neurriari, A ereduaren aldekoen plataforma abiaraziaz. Litekeena da, gainera, PPren saio honek jarraitzaileak lortzea bere esparru soziologikoaz haratago ere. Beste behin, argi geratzen ari da euskararen aldeko balizko jarrerak frankisten garai bateko konplexuetatik, eta antifrankisten arteko balizko elkartasunetik, jasotako errenta eta maileguak galduz doazela.
Argi dago etorkizunera begira euskararen aldeko kontsentsu sozial eta politikoen zutoinak eguneratu beharra daukagula. Unean uneko testuinguruak aurrekoen ondorenak dira, nork uka, baina bata eta bestearen ezaugarriak desberdinak dira, eta etorkizunekoak euskararen aldekoak izaten jarraitzea nahi badugu, orainaldian asmatu behar dugu arestian aipatutako kontsentsuei oinarri gaurkotu sendoak ematen.
Horretan ari garela esango dut, kontsentsu horien ezaugarrietan gehiago sakondu gabe, ez delako idatzi honen helburua, guztiz interesgarria bada ere.
Eta horretan ari garela esatean diot, mamiari helduta, batzuek indarra testu legaletan jartzen duten bezala, guk, ordea, haiei garrantzirik kendu gabe, konpromisoetan, hauen errotze sozialetan, jartzen dugula. Euskal curriculuma da idatzi honen haria, eta konpromiso sozialaren ikuspegitik bertute propioa du bere baitarako lortu izana Kristau Eskola, Sortzen-Ikasbatuaz, Udalbiltza (eskolaz kanpoko curriculumaren edukietan) eta Euskal Herriko Ikastolen Konferazioaren artean irutzi eta hartutako konpromiso esplizitoa, beste batzuena ere inplizitoki erakartzen ari dena eta erakarriko duena, zalantzarik gabe. Hezkuntza proiektu batek hemen orain arte lortu duen atxikimendurik zabalena, alegia.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ere, bere esparru administratiborako curriculuma prestatu behar izan duenean, duela gutxi, lantzen ari garen horretara jo du jatorriko iturri bila. Orduan esan genuen dekretu hura norabide onean emandako urratsa zela. Agian horregatik aurkitu ditu bidean aurkitu dituen etsaiak, orain epaitegietara jo dutenak bezalakoak.
Hilabete batzuen buruan, arestian aipatutako konpromisoan murgildurik gaudenok Euskal Curriculumaren fase programatikoaren (gero aplikazioa etorriko da) azken lana amaitutzat emango dugu. Izan ere lehenago Euskal Curriculuma egin dugu, orokorra, adituen hizkera propioa erabilita: Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculuma.
Baina hori aplikatzeko moduan jartzeko egokitu beharra dago. Adituen haria jarraituta, curriculum horretan badaude «espezifikoak» diren edukiak (hemengo propioak direnak eta bereganatuak ere bai, baina Hungariako edo Espainiako zein Frantziako curriculumek jasoko ez dituztenak) eta «ez espefizikoak» direnak (curriculum bateko eduki unibertsalak, edozein curriculumaren gehiengoa). Une honetako zeregina da bereiztea espezifikoen artean zeintzuk liratekeen «oinarrizko» edukinak (ikasleek ezinbestean menperatu beharreko ezagutzak, esperientziak eta gaitasunak edo konpetentziak) eta zeintzuk «komunak» (zazpi herrialdeetako ikasleek, herrialde batekoek zein bestekoek, menperatu beharrekoak). Bereizketa lan hori bukatuta, kontraste, ebaluazio eta guzti, amaitutzat emango dugu fase programatikoa. Une horretan egongo da Curriculuma gure lurralde osoan aplikatzeko moduan, alegia, Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculuma, oinarrizkoa eta komuna iritzi zaiona, adostuta eta ondorioz Euskal Herri osoan indarrean jartzeko moduan. Zehaztapen teknikoekin bukatzeko, esanda utzi nahi nuke ondo berezitu beharrekoak direla, bestalde, «eskolaldirako curriculuma» eta «gizarte eremu zabalerakoa». Lehenengoa da gu jorratzen ari garena. Bigarrena, eskola-eragileetatik haratago dagoen gizarte-eragileei ere balegokie.
Orain, ildo orokorrera itzulita, gogorarazi nahi nuke gure hitzaldietan maiz esan duguna, alegia, curriculumak ez direla proiektu estatikoak, behin eta betiko egiten direnak. Justu alderantziz, guztiz dinamikoak dira. Unean uneko hiritarrak, kasu honetan ikasleak, unean uneko gizartearen baldintzei aurre egin behar die, eta horretarako prestatu beharra dauka. Gaur egun landutako Curriculumak ere egokituz joan beharko du, testuinguruaren aldaketen harira.
Baina horrekin batera esan izan dugu baita ere XXI. mendeko Euskal Herriak iraungo badu, mundu modernoan eguneratuta dauden herri emantzipatuekin homologatu beharra daukala. Homologatzeak, eskolaren arloan eskatzen du, besteak beste, inoiz izan ez dugun zerbait, alegia, curriculum propioa. Eta curriculum horrek adostua izan behar du, konpromiso sozial zabala lortu behar du, behintzat oinarrizkoa eta komuna den horretan. Gero bakoitzak eskola ereduaren arabera, eta balizko beste ezaugarri propioen arabera, egokitzapenak egingo baditu ere.
Eta konpromiso soziala, berriro, amaitzeko. Euskal Curriculum oinarrizko eta komunak ez du indar normatiborik izango, baina bai indar sozial handia, gabiltzanak jada bagabiltzalako. Zentzu horretan diogu Euskal Herri osorako curriculuma burujabea izango dela, lurralde osoko ikastetxeei eskainiko zaiena.
Hori horrela izan dadin, fase programatikoa parte-hartze anitzarekin antolatu dugun bezala, aplikazioa ere irizpide berarekin burutzea bilatuko dugu. Denok gara beharrezkoak horretarako, hezkuntzako erakundeak, noski, baina baita kultur eta gizarte eragileak ere. Horra hor hurrengo erronka.
EAEko curriculum proiektua judizializatu dutenek izango dute lantzen ari garen beste honi eragozpenak jartzeko tentazioa. Eragotzi, ordea, ezin izango dute, gure indarra atxikimendu sozial zabalean oinarritzen den neurrian, jada oinarritzen den bezala.