GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Egunkaria»ren auzi ekonomikoa «hastear» dagoela ohartarazi dute

«Egunkaria»ren Alde Elkarteak auzi ekonomikoaren epaiketa «hastear» dagoela adierazi du. Orain egun batzuk jaso zuten jarritako azken helegitearen erantzuna. Beraiek eskatukoaren aurka, ez da Euskal Herrian epaituko Madrilgo auzitegi berezian baizik. Gizartearen gehiengoa mugiaraztea da, auzipetuen iritziz, eskura duten babes bakarra, «Auzitegi Nazionala ez baitago `Egunkaria' itxi zuen bultzada politikotik aske».

p016_f03.jpg

Maider EIZMENDI |

Joan den astean iritsi zitzaien berria. «Egunkaria»ko auzi ekonomikoko zortzi auzipetuen apelazio helegitea atzera bota du Auzitegi Nazional espainoleko Zigor arloko salak, eta jada ez da posible beste helegiterik aurkeztea. Beraz, auzi hau ere Madrilgo auzitegi berezian epaituko dute, auzi nagusia bezalaxe.

Auzi ekonomikoan zein auzi nagusian auzipetuek (Txema Auzmendi, Joan Mari Torrealdai eta Inaki Uria bietan dira akusatuak) agerraldia egin zuten atzo Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean azken gertaeren berri eman, eta egoera baloratze aldera. Guztien izenean mintzatu zen Iñaki Uria. Gogora ekarri zuen behin eta berriro eskatu dutela, auzia, «epaitzekotan», Euskal Herrian egin dadila. Izatez, Auzitegi Nazionaleko Instrukzio Epaitegiaren autoaren kontra helegitea aurkeztu zuen defentsak, eta fiskalak ere bat egin zuen. «Dignidad y Justicia elkartea kontra agertu, eta atzera bota zuten erreforma helegitea iazko uztailean», azaldu zuen. Honen aurka ere beste helegite bat aurkeztu zuen defentsak urrian eta «fiskalak berriz ere eskaera horren aldeko jarrera agertu zuen». Bien bitartean, azaroan, Juan Del Olmo epaileak Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko salan ahozko epaiketa irekitzea erabaki zuen, «Dignidad y Justicia elkartearen bultzada hutsez». Azken helegite honetan jarria zuten itxaropena auzi ekonomikoan auzipetutako pertsonek, baina beste behin auzitegien erabakia ez da izan beraiek espero zutena.

Uriak gogorarazi zuen auzi ekonomikoko espetxe eskaerak «Egunkaria»ren auzi nagusikoak baino gogorragoak direla. Auzipetutako bosti (Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors eta Ainhoa Albisu) 26 urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra eskatu diete; Mikel Sorozabali, 21 urte eta bederatzi hilabete; Begoña Zubelzuri, 17 urte eta bi hilabete; eta Fernando Furundarenari, 13 urte eta hiru hilabete.

«Eta hau guztia zergatik, eta, egin ez ditugun, ustezko BEZ delitua eta ustezko diru laguntzen iruzurragatik», ohartarazi zuen Uriak. Kartzela zigorraz gain, 235 milio euroko isun eskaerak ere egin dituzte auzipetutako zortzi lagunentzat.

Prozedura laburtua

Helegitearen emaitza eskuartean, auzipetuek epaiketa laster hasiko den susmoa dute; izan ere, auzi ekonomikoari dagokiona prozedura laburtua da eta epaileak, hala izango balu, berehala has lezake.

Torrealdaik adierazi zuenez, auzipetuta dauden pertsonek egin duten delitu bakarra «Euskaldunon Egunkaria sortzea eta hari eusteko borondatezko lan handia egitea izan da». Deliturik ez dagoela nabarmendu ostean, honakoa gaineratu zuen: «izanda ere, ez luke egotzi nahi zaizkigun balizko delituak epaitzeko eskumenik Auzitegi Nazionalak, ETArekin zerikusirik ez dutelako».

Kasua Auzitegi Nazionalak epaitzea begi onez ez dutela ikusten esatearekin batera, orain arte izan diren aurrekariak ekarri zituen ahotara Uriak: «»Egin» egunkariko prozesatuei ezarri zaien zigorra ikusi ondoren argi eta garbi daukagu, Auzitegi Nazionalean posible dela frogarik gabe eta deliturik gabe zigorrak ezartzea eta, zer nolako zigorrak, gainera». Halaber, Espainiar Auzitegi Gorenak Juan Maria Atutxaren, Gorka Knörren eta Kontxi Bilbaoren kasuaren inguruan hartutako erabakiak beren «larrialdia» areagotu duela adierazi zuten.

«Ez dugu uste -salatu zuen Torrealdaik- «Egunkaria» ixtea ekarri zuen bultzada politikotik aske dagoenik Auzitegi Nazionaleko justizia, ez dugu uste bermerik dagoenik eta, zoritxarrez, okerrena espero dugu oso epe laburrean».

Datorren hilaren 20an beteko dira bost urte «Egunkaria» itxi zutenetik. Torrealdaik nabarmendu zuenez, tarte honetan hainbat eta hainbat babes keinu jaso dituzte, «bai gure herrian, baita Katalunian eta Europan zehar ere».

Egoera honen aurrean ere babesa eskatu zien guztiei, «nazio artean gure alde egin dutenei, babesa Euskal Herrian gure alde egin duten erakunde publikoei, eta babesa bereziki euskalgintzako eragile, euskal kultura nahiz kirol eragile, eragile politiko eta sindikal, eta herritar guzti-guztiei». «Une honetan -gaineratu zuen- «Egunkaria»ren itxieraren aurka agertu zen gizarte honen gehiengoa mugiaraztea iruditzen zaigu eskura daukagun babes posible bakarra».

Era berean, Iñaki Uriak «Egunkaria»ren itxieraren urteurrenean egingo dituzten ekimen eta ekitaldietan parte hartzeko deia egin zien herritarrei.

delitua

Auzi ekonomikoan akusatutako zortzi lagunei orotara, 181 urteko kartzela zigorra eta 235 milioi euroko isuna eskatzen diete. Egozten dietena, BEZ delitu bi eta ustezko dirulaguntzen iruzurra dira.

aurrekariak

«`Egin' egunkariko prozesatuei ezarri zaien zigorra ikusi ondoren argi eta garbi daukagu, Auzitegi Nazionalean posible dela frogarik gabe eta deliturik gabe zigorrak ezartzea», adierazi zuen Joan Mari Torrealdaik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo