GARA > Idatzia > Euskal Herria

Batasunak eta ANVk AHTren aurkako manifestazioetarako deia egin dute

Bihar Tolosan eta Tuteran egingo diren manifestazioek makina bat atxikimendu jaso dituzte jada, EAE-ANV eta Batasuna gehitu zaizkie orain. Azken honek kritikatu egin ditu agintariek abiatutako «propaganda-agitazio kanpaina» eta oposizioa kriminalizatzeko saioak.

p017_f02.jpg

GARA |

Batasunak bihar Tolosan eta Tuteran AHTren aurka egingo diren manifestazioetara joateko deia egin die herritarrei eta bertan izango dela aurreratu du.

Indar abertzaleak, Lakuako Gobernuak abian jarri duen «propaganda-agitazio kanpaina» gogor kritikatu du: «`Ba al zenekien?...' ponpoxorako dirutza izugarria ari dira erabiltzen, baina, ez al lukete `informatu' beharko bestelako kontuez?» galdetu du. Bere iritziz, «ibilbideaz, izango duen gastuaz, kutxatuko duenaz, ordezkatzen duen eredu neoliberalaz» hitz egin beharko luke.

Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariaren jokabideari buruz ere mintzatu dira: «Proiektuari ezetz esaten diogunak oposizioa egiten ari gara, horretarako, antolakuntza, sentsibilizazioa, mobilizazioak eta herri galdeketak erabili ditugu. Akaso hau guztia oposizio ilegala egitea da? Oposizioa egiten dugunon artean, ilegala eta legala gauzatzen dugunok existitzen gara?», itaundu dute.

«Erregionalistak sarituko ditu»

Batasunaren iritziz, AHTren oposizioa «kriminalizatzeko» ahaleginak egiten ari dira eta, zentzu horretan, ekintza baketsuak eginda ere, herritarrak «Audientzia Nazionalera» bideratzea kritikatu dute, Beasaingo bi gazteen kasua gogoan hartuta.

Nafarroako aurrekontu akordioaren gainean ere mintzatu da Batasuna. «AHTk saritu egingo ditu egungo markoaren kudeaketaren lokatzetan murgilduta dauden sektore erregionalistak eta hala, elikatu egingo du Euskal Herria, bai langileak bai herritarrak, menpekotasunera, zapalkuntzara eta esplotaziora kondenatzen gaituen marko juridiko-politikoa», esan duenez.

Beraien iritziz, «menpekotasuna, esplotazioa, inposizioa eta zapalkuntza» ezarri nahi dituzte «euren eredu neoliberalaren garapen eta finkapenerako». Horren aurrean, dei egin dute «Euskal Herriaren burujabetzaren alde egitera; demokrazia zuzen eta parte hartzailearen defentsa burutzera; aberastasunaren banaketa oinarri izango duen jendarte moldea sortzera; eta Ama Lurrarekiko harreman eredu orekatuak eraikitzera».

EAE-ANVk ere dei egin du Tolosan eta Tuteran egingo diren manifestazioetan parte hartzeko eta azpiegitura horren kontra herritarrak «berriz ere ozenki azaltzeko, azken hilabete hauetako mobilizazioetan, edota egin diren herri galdeketa guztietan azaldu izan den bezala».

deialdiak

Tolosan, Triangelu plazatik abiatuko da 17.00etan Tolosaldeko AHT Gelditu! taldeak deitu duen manifestazioa; Tuteran, 19.30ean abiatuko da Geltoki plazatik Tren Publiko eta Sozialaren Aldeko Erribera, Ez AHTri Plataformak deitu duen mobilizazioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo