AIZKORA Urrezko lehiaketa
Mugertza aita-semeak elkarren aurka neurtuko dira
Ugaitzek Nazabal izango du lagun, eta Faustok, aldiz, Rekondo, bihar ilunabarrean Leitzan jokatuko den final laurdenetako kanporaketan
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Urrezko Aizkorako final laurdenetako bigarren kanporaketa bihar jokatuko da Leitzako Amazabal pilotalekuan 19.00etatik aurrera. Bertan, Nazabal-Mugertza II.a eta Rekondo-Mugertza I.a neurtuko dira. Rekondorekin Mindegia aritu izan da, baina Ezkurrako aizkolari beteranoari belaunean ebakuntza egin zioten, eta ez dago lehian aritzeko moduan, eta Mutrikukoa izango da leitzarraren laguna, atzo Fausto Mugertzak berak GARAri baieztatu zionez.
Norgehiagoka honek interes berezia sortu du orain, izan ere, Mugertza aita-semeak elkarren aurka lehiatuko baitira eta inoiz ez dira lehiaketa batean aurkari izan. Mugertza gazteek asko zor die aitari, izan ere, aizkora mundua berak erakutsi baitie, eta berak sartu baititu mundu horretan, baina bihar aurkariak izango dira, eta batak zein besteak irabazi egin nahiko du.
Semea izango da, ordea, faborito biharko norgehiagokan. Nazabal du lagun, eta Etxarriko aizkolaria lagun izateak beti lasaitasuna ematen dio edozeini. Gainera, Rekondo eta Mugertza ez dira orain arte batera aritu. Mutrikukoa Barberenarekin aritu izan da, baina kanpoan geratu dira. Leitzakoak eta Mindegiak, aldiz, jokatutako bi saioetatik bat irabazi zuten.
Nazabal eta Mugertza I.a, aldiz, sasoi betean datoz, jokatutako neurketa guztietan garaile izanda, eta lehiaketa hau irabazteko faboritoen artean daudela.
Bete beharreko lana ez da aldatuko final laurden hauetan, eta orain arte egindakoa izango da. Pasa den igandean Oionen egin zen aldaketa horrekin jarraituko dute, hau da, ordura arte, saio guztietan aizkolariak batera hasten ziren, eta lan bakoitzeko denborak hartzen ziren kontuan. Orain, ordea, lehenengoan bakarrik hasiko dira batera, hortik aurrera aurretik doana beti aitzinetik hasiko da, hartu duen abantailaren arabera, eta atzetik doana, beti ere aurrekoari aldea murrizteko asmoarekin, atzetik hasiko da.
Gazteak
Leitzara doazenek helduen mailako neurketa ikusteaz gain, gazteen mailakoa ere izango dute ikusgai. Parte hartuko duten lau aizkolariak, gainera bertakoak edo ingurukoak izango dira.
Alde batetik, Olano eta Saralegi, leitzarrak, Erasunen eta Alejandro Mindegiaren aurka neurtuko dira. Hauek, Ituren eta Labaiengoak dira. Garrantzi handia izango du norgehiagoka honek, izan ere, leitzarrek irabazten badute, oraindik aukera izan dezakete finalerdietan izateko; galduz gero, ordea, edo Mindegiak eta Erasunek irabazita, finalerdietarako hauek eta etxekoak kanporatuta geratuko lirateke, lehen jardunaldian, larretxeatarren aurka galdu egin baitzuten. Hauei ere komeni zaie Iturengoak eta Labaiengoak irabaztea, hala finalerdiak jokatzeko txartela segurtatuta izango lukete-eta. Garaipena leitzarrek eskuratuta, aldiz, azken saioa arte ez litzateke erabakiko.