GARA > Idatzia > Herri-kirolak

sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Oker handirik ez baldin badago, Abadiñoko taldeak jantziko du aurtengo denboraldiko lehenengo txapela

J.L. | DONOSTIA

Abadiñok esku-eskura dauka Euskal Herriko txapela 640 kilotan. Deskalabru handia gertatu beharko litzateke pisu honetako txapelik gabe geratzeko; gainerako taldeei alde nabarmena hartu die, eta orain arteko saioak nola joan diren ikusita, horrek ia ezinezkoa dirudi.

Abadiñok txapela galtzeko azkeneko postuan amaitu beharko luke, gutxienez, eta gaur egun Abadiñok gainerakoei aldea hartu die. Orain arte jokatu diren saio guztietan garaile izan dira, eta hasi aurretik beraiek faborito baziren ere, behin lehiaketa hasita, are garbiago geratu da, ez pisu horretan bakarrik, baita gainerakoetan ere, beraiek azpian hartzea oso zaila izango dela. Hala ere, berdeen asmoa ez da txapela lortzea bakarrik, bigarren postua ere eskuratu nahi dute Abadiñoko bigarren taldearen eskutik, lan erraza izango ez bada ere.

Gainerako taldeek badakite lehen postua eskuratzea ia ezinezkoa dela, eta lehia bigarren postuan geratzeko izango da. Oraingoz, Ñapurrak taldea ongi kokatuta dago, eta saiatuko dira bigarren postu horri eusten. Atzetik, ordea, Abadiño B eta Amaiur saiatuko dira postu horri heltzen. Garbi dago, hiru talde horien artean egongo dela bigarren postutik laugarrengora bitartekoa, baina Ñapurrak izango da bigarren geratzeko faborito.

Azkeneko posturako ere borroka iragartzen da. Inork bete nahi ez duen postua da hori, eta une honetan nahiko parekatuta daude bertan Uztaritze eta Berriozar. Lehen jardunaldian lapurtarrak aurretik izan ziren, baina bigarrengoan, nafarrak izan ziren gailendu zirenak, eta asteburu honetan aurretik amaitzen duenak utziko du azken postua.

Iraetako torneoa

Harri jasotzen, Iraetako Bolarekin lehiaketa izango da etzi, arratsaldeko 17.00etan hasita. Bertako harri bola honek 110 kilo inguru pisatzen du, eta bost minutuko bi txanda egingo dira. Izeta II.a, Izeta III.a, Ostolatza eta Irigoien izango dira aurrez aurre. Aimar Irigoien izango da garaipena lortzeko faboritoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo