GARA > Idatzia > Zinema

FIPAn lekuko telebista ekoizpenak bultzatzeko topaketak egin zituzten atzo

Biarritzeko telebista saioen FIPA jaialdia aitzina doa. Ikus- entzunezko munduan, kalitatezko programak proposatzeko eta ekoizleei harreman bideak errazteko helburuarekin jarraitzen du aurten ere. Horren kariaz, Ipar eta Hego Euskal Herriko produktore eta telebista kateen artean sareak sortzeko, Ibaia produktore independenteen elkartearekin eta Zinemaldiarekin batera, mugako alde bietako ekoizle eta banatzaileen arteko topaketa antolatu zuen atzo.

p058_f01_98x160.jpg

Eneritz ZABALETA | BAIONA

Telebista programazioaren mundua konpetentzia sutsu baten mende bizi da. Mundu osoko programak salerosten dira, gehienak AEBetakoak. Konpetentzia mundu honetan, lekuan lekuko ekoizpenentzat ez da erraza merezitako tokia eskuratzea. FIPA jaialdiak, telebista saio sortzaileen, eta programa horiek hedatzen dituzten kateen arteko zubia izan nahi du. Mundu osoko kalitatezko fikzio, dokumental, sorkuntza... proposatuz, eta kontaktu sareak sortuz lortu nahi du helburua.

Nola, bada, bultzatu testuinguru horretan, tokian tokiko ekoizpena eta, muga hain hurbil duen Biarritz herrian, eskualde eta herrialdeen arteko elkarlana? Galdera horri arrapostua emateko asmoz, iaz abiatutako bideari jarraitzea erabaki dute FIPAko arduradunek. Horrela, aurten ere «eskualdeen arteko koprodukzioaren nazioarteko egunak» antolatu dituzte. Atzo iragan zen eguna, eta Jean Michel Ausseuil FIPAko kideak helburua azaldu digu: «Gero eta produktore euskaldun eta katalan gehiago heldu ziren FIPAra. Eta Donostiako zinemaldiarekin, alor hori laguntzeko elkarlana abian jarri genuen».

Egunok nola antolatu dituzten zehaztu digu Ausseuilek: «Donostian eta Biarritzen, proiektuak aurkezteko deialdi bateratua egin dugu. Baldintza, produktorea Pirinio zabaleko eskualdekoa izatea, edo obra eskualde horietan iragatea». Zinemaldia eta FIPAren artean, proiektuak aukeratu, eta 10 lan hautatu dituzte atzoko topaketetan parte hartzeko. Behin lanak aukeratuta, Donostian eta Biarritzen profesionalekin harremanetan sartzea ahalbidetzen diegu.

Profesionalen topaleku

Atzo iragan zen eguna, eta topaleku izateko helburua ederki islatu zuen egunaren antolaketak. Alde batetik, beraien lanak aurkezten zituzten produktoreak. Bizkaiko XVI. mendeko emakume konkistatzaile baten istorioa. Pirinioetako 1.700 biztanleko herri batean zinema baten eraikuntzaren inguruko dokumentala. Mallorcako aireportua, CIAren hegaldi ilegalen epizentro izan zen garaia aztertzen duen obra katalana...

Beste aldean, 10 proiektuak entzun, eta beren hedabidean ager dadin erosteko interesa duten bezeroak. Edo, proiektuan sartu, eta koprodukzioa antolatzeko xedea dutenak. Saltzaileak eta erosleak harreman zuzenean. Bakoitza bere obligazio eta ildo editorialekin, noski. Baina, batez ere, bakoitza bere kontaktu sarearekin. Belgika, Kanada, Frantzia, Espainia... hedabide desberdinek lan honetan edo bestean parte hartzeko interesa erakutsi, edo produktua erostekoa ikusi. Telebista saioei aterabidea ematea gero eta zailagoa den alor horretan, altxor handia da hori. Atzo ere, hainbat harreman sortu ziren, eta dokumental batzuek, edo fikzioek Kanadan ez bada Frantzian, edo beste nonbait hedabide bat atzemateko lehen hurbiltzeak izan ziren.

Topaketa egun hauek, FIPA jaialdiaren isla ederra dira. Jaialdi nagusian, 35 herritako sortzaile eta hedabideak harremanetan jartzen ditu. Topaketa hauek, berriz, lekuko produktoreei laguntzatxoa emateko helburua bete dute. Eskualdeko telebista sorkuntzek leihatila txikian beren lekua izan dezaten bidea errazagoa da orain.

ELKARLANA

Mugaz gaindiko topaketa hauek, FIPA, Zinemaldia eta Ibaia euskal produktoreen arteko elkarlanaren fruitua da. Lekuko telebista sorkuntzari aukera gehiago emateko bidea emateko proposamena da, topaketa hauena.

LEKUKO LANAK

Topaketa hauek bertako lanei irtenbidea errazteko egin dira. Izan ere, bertan parte hartzeko baldintza bakarra, produktoreak Pirinio eskualde zabalekoak izatea edo obrak eskualde horretan gertatzea da.

Bertako ekoizpenak euskal herrian ezin ikusi?

Atzoko lekuko ekoizpenen topaketak arrakastaren ikurpean iragan ziren. Aukeratutako hamar lanek, harremanak osatzeko, sare zabala izan zuten parean. Izan ere, topaketetara hurbildutako telebista kateak munduko hainbat txoko ezberdinetakoak izan ziren.

Horrela, Belgikako, Kanadako edo Quebec-eko kate nazionalak izan ziren bertan. Frantziako Canal Plus edo France 2 eta France 3 ere han egon ziren. Eskualdeetako France 3ko Akitania sekzioko arduradunak ere egon ziren, besteen artean. Bertako telebista ekoizpenei nazioarteko, eta produktuari egokitutako erantzuna emateko bidea eman zuten, beraz, atzoko topaketek.

Baina, atzoko topaketen ezaugarri lokala kontuan hartuz, izan zen hutsune bereziki aipagarri bat. Izan ere, EITB taldeko programazio arduradunik ez zen egon atzo Biarritzen. Badirudi, Europako telebista kate jaialdi garrantzitsuena den FIPA jaialdira ez dela etorriko. GARAk jakin ahal izan duenez, EITBko programazio kide batek ere ez du parte hartzeko akreditaziorik eskatu.

Iragan urteetan jaialdira etorri ondoren, badirudi EITB taldeak ez duela interesik FIPAko programak erosteko, edo koprodukzioak eratzeko. Alta, Cannes bezalako jaialdietan izaten da urtero taldea. Badirudi, FIPAk proposatutako kalitatezko telebista ekoizpenak ez direla euskal katearen ildo editorialera egokitzen. Lekuko lan hauek, beraz, Euskal Herriko telebistetan ikusteko bidea zail dago, EITBren hutsunea ikusirik. E. Z.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo