GARA > Idatzia > Futbola

NAZIOARTEA

Javier Clementek Iran gidatuko du 2010eko mundialera

B.Z | BILBO

Atzo eguerdian piztu zen ezustea. Javier Clementek Irango talde nazionala zuzenduko du. Barakaldokoak udazkenean Serbiako aulkia utzi, eta udaberria baino lehen talde irandarrean egongo omen da.

Barakaldokoak hiru urteko kontratua sinatu du asiarrekin herrialde horretako federazioko presidentea den Mehdi Taj-ek baieztatu zuenez.

Prestatzaile bizkaitarraren erronka nagusia 2010ean Hegoafrikan jokatuko den munduko txapelketarako sailkatzea izango da. Orain arte Irango taldea hautatzailerik gabe zegoen. Izan ere, iragan uztailean jokatu zen Asiako Kopan ez zuten lan itxurosoa egin, eta orduan zuten entrenatzaileak, Amir Ghalenoeik, kargua utzi zuen.

Hegoafrikako munduko txapelketarako bidean, Iranek, sailkapen faseko bostgarren multzoan, Kuwait, Arabiar Emirerri Batua eta Siria izango ditu aurkari. Lehiaketarako txartela eskuratuz gero, irandarrek laugarrengoz jokatuko lukete txapelketa hori. Aurrekoak, 1978an Argentinan, 1998an frantziar Estatuan eta 2006an Alemanian izan ziren. Lehenengoan, Iranek AEBen kontrako garaipen historiko eta sinbolikoa eskuratu zuen. Bigarrenean, Portugal eta Mexiko zeuden multzo berean jokatu ondoren, txapelketa makala burutu zuten.

Clementek zuzenduko duen talde horretan Europan ari diren hainbat jokalari daude. Horien artean, aipagarrienak Osasunako Javad Nekounam, Livornoko Rezaei, Frankfurteko Eintrachen ari den Mehdi Mahdavikia eta First Divisioneko Leicester Cityn jokatzen duen Hossein Kaebi. Horiekin batera, 2004an Asiako jokalaririk onena izendatu zuten Ali Karimi dago. Honek, Municheko Bayerneko elastikoa bete ondoren, egun petroleotik dakarren diruaren itzalean, Qatarreko Ligan ari da.

Hala ere, akordioa erabat gauzatu baino lehen, Clementek herrialdea ezagutu nahi duela aitortu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo