GARA > Idatzia > Ekonomia

Sarkozyri zerbitzu publikoa «xehatzen» ez uzteko deia egin zuten Baionan ere

Azaroko mobilizazioen ondotik izandako negoziazioek ez dutela aitzinamendurik ekarri ikusita, atzo mobilizazioak egin ziren Estatu osoan. Ipar Euskal Herrian irakaskuntzako langileen lanuztea eta Baionan egindako manifestazioa izan ziren protesta ekintza nagusiak.

p034_f01_148x108.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Udazkenean izandako mobilizazioen haritik, zerbitzu publikoko sindikatu gehienak karriketara irten ziren atzo Gobernuak agindutako negoziazioak ez dutelako aitzinamendu esanguratsurik ukan.

Esparru batzuetan lanuzteak ere izan ziren. Ipar Euskal Herriari dagokionean, batez ere, irakaskuntzan eta herri eta mankomunitateetako langileengan izan zuen eragin handiena grebak.

Hitzordu bateratu nagusia goizeko manifestazioa izan zen. FSU, CGT, CFDT, FO eta UNSA sindikatuetako ordezkari bana, ohiko moduan, pankarta eskutan zutela, eta beste ehunka lagun (2.500 antolatzaileen esanetan), Espiritu Santu auzotik abiatu ziren. Ospitaleko, Postako, HLM etxebizitza sozialetako agentziako langileek eta Dassaulteko enpresakoek ere beren pankarta propioa zeramaten.

Suprefeturara

Baiona Handiko karriketatik barna suprefeturainoko bidea egin zuten, patxadatsu, norberaren sindikatuaren blokearen atzetik. LABekoek ixten zuen manifestazioa «Lanpostu, erretreta, zerbitzu publiko eta bizi duinarentzat, baturik borroka gaitezen» zioen pankartarekin.

Poliziak zaindutako atearen aurrean, sindikatuen izenean hitza hartu zuten Ramuntxo Perez eta Annie Deletrek. Azaroaren 20ko mobilizazio jendetsua gogoratuta, funtzionarioen eskakizun nagusiak azaldu zituen Perezek, hots, soldaten igoera, milaka lanpostu- kentzea uztea eta zerbitzu publikoa babestea. Alta, Gobernuak «entzungor» egiten jarraitzen duela esan zuen, eroste ahalmena gero eta urriago dutela.

Jarraian, bereziki Irakaskuntzako sindikatuek egiten duten salaketa azaldu zuen, Deletrek. Plantan ezartzen ari diren neurriekin, «gazteen eskolatzea «arriskuan» jartzen ari direla nabarmendu zuen eta eskola «ahulenak eta zailtasunak dituzten ikasleek desberdintasun» gehiago pairatuko dituztela gaineratu zuen.

Greba-eskubidea zalantzan jartzea salatu zuen sindikalistak. Izan ere, atzo lehen aldiz, klasea ez zuten haurrentzat gutxieneko zaintza zerbitzuak jarri zituen gobernuak. Deletrek «presio eta probokazio»tzat jo zuen jokaera hori, funtzionario eta langile orori «elkarrekin eta masiboki» mobilizatzera deitu aitzin, «Gobernuari ezin baitiogu, inolaz ere, zerbitzu publikoa xehatzen utzi».

NEGOZIAZIOA

Negoziatzeko «jarrera itxia» izatea leporatu diote sindikatuek Gobernuari. Gaur, bilera izango dute Parisen mobilizazioaren segida antolatzeko. Otsailaren erdialderako beste deialdia izan liteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo