Xabier Izaga Irakaslea
Gauza arruntez idatzi ezinik
Denbora laburrean pilatutako sentimendu kontrajarriek gaurko zutabe hau goitik behera berridaztera behartu naute. Badakit azken garai hau ez dela oso aproposa sentimenduak agertzeko; izan ere, badirudi pentsaera guztiak bezala, errespetatu behar direla... zer-nolakoak eta norenganakoak diren. Hala ere, harako sentimendu horiek eragin dizkidaten lagunek lerro bi merezi dute. Lerro bi eta milaka gehiago, nireak baino artezagoak.
Ni ez nago bereziki harro euskalduna izateagatik, edo belarri ia perfektuak izateagatik. Baina badira hainbat lagun duintasun kolektibo ikaragarria eraikitzeko gauza direnak, eta duintasun hori zurea ere badela esaten dizutenak. Horixe da harrotasunari sumatzen diodan zentzua, niri baino gehiago, harrotasuna haiei dagokiela jakinda ere. Lagun horiek bereziak dira, ordea. Egingo nuke lotsatu egiten direla eta nahiago dutela beren lana, beren meritua lagun askoren artean banatu eta, bide batez, beren lotsa lagunen artean urtu.
Endika Iztueta Cabo Verden hil zen atzo, hogeitaka urteko deserriaren ostean. Ez nuen ezagutzen, aspaldi luzean haren entzuera banuen ere. Eta zalaparta handirik gabe joan da, bere meritua hemen utzita, guztion artean banatzeko. Joseba Sarrionandiak erbestea definitzeko egindako proposamenetatik hauxe, batez ere, aukeratuta: «Exílio é rexistir, se a pala-vra rexistir». Zoritxarrez, beste zenbait proposamen ez dira aukeratu edo baztertzekoak: «Exílio é um amanhecer onde jogo literalmente a minha vida».
Iztuetaren heriotza gogoan, beste lagun baten berri ekarri zidaten. Andaluzian giltzapetua, aspaldiko adiskidea da. Haren mezua ere eman zidaten: ez hango bizibaldintzak azaltzeko, ez ezer eskatzeko... edo bai, bere semearentzako ipuin bat erosteko. Hala egingo dut. Eta, jendaurreko txoko honen pribilegioa izanda, niri, zinez diot, eguneroko gauzarik arruntenen gainean idaztea gustatuko litzaidake. Asperduraren kronikak, esate baterako, kronika aspergarriak...