GARA > Idatzia > Kultura

kronika | euskarako kultura

«Eredu analogikoan ari gara, baina eredu digitalean egin behar dugu lan»

Datozen lerroek asteazken iluntzean Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean Berria egunkariak, Martin Ugalde Foroaren eskutik, antolatutako mahai ingurua izango dute hizpide. Horretarako, euskal kulturaren inguruan lan egiten duten bost lagun gonbidatu zituzten, eta euskaraz egiten diren produktuak kontsumitzen ote diren eztabaidatu zuten Martxelo Otamendiren gidaritzapean.

 

«Saltzaile figura ezinbestekoa da». Eneko Olasagasti aktore eta zuzendariak lehenik eta behin, euskaraz egiten den antzerkiaren eta zinearen inguruko erradiografia moduko bat egin zuen. «Antzerkia ez da beste kultura produktuak bezala eskuragarri dagoen produktu bat; hau da, ezin ditugu liburuak bezala, liburutegira joan eta hartu. Antzerkia, gainera, programatzaileen mende dago», esan zuen.

Zinearen inguruan, euskaraz egiten diren filmen ekoizpenak azken bi urteetan gora egin badu ere -ikus «Kutsidazu bidea, Ixabel», «Aupa Etxebeste» edo «Eutsi!»- Olasagastiren ustez hauen arrakasta «militantziari» ere egotzi beharrekoa da, hein batean.

«Star system» kontzeptua ere erabili zuen, antzerki batzuen arrakasta eta beste batzuen hondamendia ulertu ahal izateko.

«Euskarazko kultur kontsumoaren garapenak hiru ardatzetan oinarritua izan beharko du: nahitaezkotasuna, eskuragarritasuna eta erakargarritasuna». Kike Amonarriz soziologo eta telebistako aurkezleak etxeko lanak txukun-txukun eginak eraman zituen, eta hamar puntutan banatutako euskal kulturaren kontsumoaren gaineko bere hausnarketak aurkeztu zituen.

«Merkatua zabaldu beharra dago, horretarako produktu egokiak ekoiztuz», esan zuen besteak beste. Arestian aipatutako «nahitaezkotasuna, eskuragarritasuna eta erakargarritasunaren» inguruan «nahitaezko kuotak» jarri behar direla zehaztu zuen, baita produktu horiek eskuragarri jarri behar direla «kontsumituak izan daitezen» ere, eta hauek erakargarri egin behar direla «eskaintza kontsumituko bada».

«Euskal liburua merkatuan ikusezina da. Sustapena behar dugu». Elkarreko zuzendari Olatz Osak lehenik eta behin, «datu errealik» eza sumatu duela adierazi zuen, «ez dakigu irakurleak zer nahi duen, nola nahi duen...». Era berean, argitaratzen diren euskarazko produktuen kopuruak azken urteetan gora egin badu ere, tituluko egiten den tirada jaisten ari dela esan zuen. «Argitaratu bai, egiten da, baina ez da merkaturatzen», gaineratu zuen.

Izan ere, Osaren aburuz «ekoizleetako asko ez dira argitaletxe komertzialak, eta ez dira liburuaren merkaturatzeaz arduratzen». Sustapenerako laguntza beharrezkoa dela nabarmendu zuen, «egitura ahuleko argitaletxeak gara eta ezin dugu promoziorako diru gehiegi bideratu».

Saltoki handien azken urteetako gorakadek denda txikiei kalte egiten dietela gogoratu zuen, saltoki handietan ez dagoelarik ia euskarazko libururik salgai, eta liburu motei erreparatuta «desoreka» ematen dela ere esan zuen.

«Lehenago frontoiak egiten ziren bezala orain Auditoriumak egiten dira». Ernest Lluch kultur etxeko zuzendari Mikel Iturriak kontu ugari jarri zituen mahai gainean, baina, behar bada eta mahai ingurua Andoainen izaki, entzuleen artean hauxe izan zen bazterrak gehien nahastu zituena: «Behar al du Andoain bezalako herri batek, Donostiatik horren hurbil egonik, 500 pertsonarentzako edukiera duen Bastero bezalako Auditoriuma?».

Entzule bat baino gehiagoren ustez, bai; Iturriak, baina, ez du horren argi: «Bakoitzak ezin du bere kasa lan egin, elkarlana behar dugu». Bestetik, azkenaldian geurean horrenbeste ugaritu diren makro-ekintza, kontzertu eta bestelakoen inguruan ere mintzatu zen: «Bruce Springsteen, Rolling Stones eta Ken Folletten bisitaldiek ez dute kultura sustatzen, turismoa baizik». Horiek guztiak «Guggenheim efektua» izenaz ezagutzen denarekin bat datozela esan zuen.

«Hemen kultur kontsumoaren inguruan egiten den gogoeta Europako herrialde guztietan egiten da». Iñaki Gomez Lakuako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako zuzendariak, behin baino gehiagotan zimurtu zuen bekokia gainontzeko hizlarien hitzak entzutean. Agerikoena Kike Amonarrizen esaldi batek eragin zuen: «Euskal kultura ez dago agenda politikoan!». Gomezek konpetentzia ikaragarria dagoela agertu zuen eta elkarlana -Iturriaren hitzei erantzunaz- ere badagoela nabarmendu zuen. «Behar bada gehiago hitz egin behar dugu oraindik, baina ez da egia inor ez dugula kontuan hartzen».

Zaila da mahai inguruan egindako hausnarketa oro entzun eta gero ondorio bakarra ateratzea, baina,agian, Iturriak aipatutako esaldi batek eman dezake pistarik, etorkizuneko erronkei dagokienez, behinik behin: «Eredu analogikoan ari gara, baina eredu digitalean egin behar dugu lan».

Rebeka CALVO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo