GARA > Idatzia > Kultura

Hondarribiak Kontalarien IV. Topaketa hartuko du hiru egunez, gaur hasita

GARA | HONDARRIBIA

Gaur, bihar eta etzi, Hondarribiko Aterpetxean Ipuin Kontalarien IV. Topaketa egingo da, Kontalariak Elkarteak antolatuta. Hala, Itziar Rekalde eta Joxe Mari Karrere antolatzaileek atzo nabarmendu zutenez, «hiru egunez Estatu osoko 140 kontalari inguru helduko dira Hondarribiara».

2004an Cadizen hasi zen topaketa honen ibilbidea. Gerora, Mondoñedon eta Tarragonan egin ziren. Aurten, euskaldunei egokitu zaie txoko orotako kontalariak biltzea, ofizioaren gainean a-ritzeko. Hitzorduaren xede nagusia, finean, kontalariek elkar ezagutzea da, eta bide batez, arlo horretan sortu ohi diren hainbat kezka eztabaidatzea ere. Lantegi eta bestelako jardunik ere izango da.

«Ipuin kontalaritza egun hartzen ari den hedadura ikusirik, ezinbestekotzat jo genuen horren gaineko gogoetak egitea -azaldu zuten aipatu antolatzaileek-. Gogoeta horiek zabaltzea ere helburu gisa hartua da, ipuin kontaketen saioak antolatzen hainbat talde eta erakunde ezberdin aritzen baitira. Horiekiko harremanak nola bidera ditzakegun beste kezka bat dugu».

Leku propioa aldarrikatuz

«Ipuin kontalaritzaren leku propioa aldarrikatzen dugu sormenaren eta arte eszenikoen barnean, berez dituen ahalbideak eta balioak azalduz», nabarmendu zuten.

Aurtengo topaketa euskal kontalariek azkenaldian euren arteko harremanak sendotzeko bide bezala ere hartzen dute, beren jarduna gero eta gehiago ezagutu dadin. Horren adibide dira, gogorarazi zutenez, Getxon 2006an eta Aramaion iaz antolatu zen Euskal Kontalarien Festa.

«Gure ustez kontalaritzaren sendotzea eta aurreratzea ezinezkoa izango da kontalaritzaren inguruan dabiltzan eragile guztien arteko gogoetarik gabe», aipatu zuten. Horiek eta beste hainbat gai ere jorratuko dituzte, bada, aurtengo Kontalarien IV. Topaketa honetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo