GARA > Idatzia > Kultura

Jean Haritschelhar euskaltzain buru ohiaren ohorezko tenorea

Euskara ikertu eta jagon. Horra «Ekin eta jarrai» lelopean Euskaltzaindiak bere gain hartu zuen betebeharra. Eginbehar horretan pauso bat aurrera egin, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafar Gobernuarekin egin bezala, hitzarmena sinatu zuten atzo Euskararen Erakunde Publikoarekin, Ipar Euskal Herrian gure hizkuntza sustatzeko asmoz. Horixe omen zen 38 urtetan euskararen akademiaren buru izan, eta atzo omendu zuten Jean Haritschelharren ametsa.

p050_f01_199x112.jpg

A. BILBAO | BILBO

Atzo arratsaldean, Bilboko Plaza Berriko Euskaltzaindiaren egoitza nagusian genuen hitzordua, euskararen akademia ia lau hamarkadatan buru izan duen Jean Haritschelhar omendu eta Euskararen Erakunde Publikoarekin hitzarmena sinatzekoa zela-eta.

Aretoa lepo bete genuenerako ohorezko aurreskua dantzatua zuten atarian. Barruan, besteak beste, espainiar Estatuko ordezkari Paulino Luesma eta frantziar Estatuko kontsul Gerard Guillonneau. Baita Jaurlaritza, Nafar Gobernu eta Aldundietako ordezkariak ere. Eta Iparraldetik etorritako lagun andana.

Juan Ziarreta gidari zela, bi atal izan zituen atzoko ekitaldiak. Hitzarmena sinatzea bata, eta Haritschelharri egindako omenaldia bestea. Lehenengoan, Andres Urrutia egungo euskaltzainburuak hartu zuen hitza; bere poza adierazi zuen, estreinakoz Euskal Herri osoko erakunde publikoekin hitzarmenak sinatu, eta aurrerantzean Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean euskara sustatzeko abagune berriak izango direlakoan. Horrela, orain arte emandako pausoak eta etorkizunera begira egin beharrekoak aipatu zituen.

Jaurlaritza eta Nafar Gobernuarekin hitzarmenak sinatu ostean, «orain da Iparraldearen orena», aipatu, eta ideologia politiko orotik kanpo, euskarak batzen gaituela aldarrikatu zuen Urrutiak, eta Euskaltzaindiaren helburua gogoratu zuen beste behin: euskara ikertu eta jagon.

Euskararen Erakunde Publikoko Max Brisson mintzatu zen gero, grinatsu eta frantsesez. Iparraldeak euskarari egindako ekarpena eta bertako euskaltzainek egindako lana nabarmendu zituen. Euskararen etorkizunaren alde lan egiteko Euskaltzaindiaren behar handia zutela ere ekarri zuen gogora, eta omenaldia jasotzekoa zen Jean Haritschelhar lagunari gorazarre eginez bukatu zuen mintzaldia .

Haritschelharren amets eta nahia betetzen zuen bilerak herrigintzan eta kulturgintzan urte ugari emandako euskaltzainburu ohia omendu nahi izan zuen gero. Omenaldi akademikoa, xumea eta familiartekoa, Ziarretaren esanetan.

Bere garaian Villasante (Iker 6) eta Krutwig (Iker 10) euskaltzainei bezala, liburu mardula eskaini diote Haritschelharri ere, erakundean egindako lana eskertzeko asmoz.

Beñat Oiartzabal eta Jose Luis Lizundia izan dira makina bat lagunen lana biltzen duen zortziehun orrialde inguruko liburuaren arduradun nagusiak eta beraiek eman zituzten obraren gaineko azalpenak.

Euskal ikasketak aitzinarazteko Baionako euskal Unibertsitateak Haritschelharri asko zor ziola gogoratu zuen Oihartzabalek, eta omenduaren lanak goratu zituen. Lizundia, omenduak erakundean egindako ibilbidea laburtzen saiatu zen eta Haritschelharren gidaritzapean Euskaltzaindiak 105 argitalpen eman zituela gogoratu zuen. Bukatzeko, Euskaltzaindiaren egungo arduradun nagusi Andres Urrutiak liburua eskaini zion «akademiari ahala eta lana» eskaini dion Haritschelharri, eta Villasanterekin batera, erakundeari ateak ireki eta gizartearen iritzia aintzat hartu izana eskertu zion, besarkada bero baten bitartez.

Espos laguna gogoan

Aho gozagarriaren aurretik, Haritschelharrek hartu zuen hitza. Hitzarmenarekin Iparralde eta Hegoaldearen arteko hizkuntza lokarriak sortzen eta sendotzen zirela, eta euskaltzain ugariren ametsa betea zela adierazi zuen. Bere omenezko liburua paregabeko oparitzat hartu, eta Iratzederrekin batera euskaltzain egin zutelako harridura agertu zuenean Lafittek esan ziona ekarri zuen gogora; Berak euskararen alde «ezer gutxi» egin zuela esan eta hark «egingo duzu» erantzun baitzion.

Euskara batua finkatu izana «egiazko iraultza» izendatu zuen, eta ez zuen bukatu nahi izan 58 urtetan bere ondoan izan duen Colette «espos laguna» aipatu gabe (Euskaltzaindiak lore sorta eman zion). «Umilki eta zinez hunkiturik bihotz-bihotzetik emaiten dizkizuet eskerrak, bai, milaka!».

HITZARMENA

Jean Haritschelhar omendu eta Euskararen Erakunde Publikoarekin hitzarmena sinatu zuen Euskaltzaindiak atzo, lehen aldiz Euskal Herri osoko ordezkari politikoak bildu zituen bilera irekian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo