GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Gabi Basañez Askapeneko kidea

Bachelet, maputxe ehizan

AI, NBEko Jatorrizko Herrietarako kontalaria, Txileko eta Argentinako giza eskubideen aldeko mugimendu gehienak eta benetako ezkerreko mugimenduek bere borrokarekin bat egin dute

Maputxe herria Abya Yala (Amerika) hegoaldeko Andeen aldebitara dago, Araucanian eta Patagonian. Estatu zapaltzaile biren azpian, Argentina eta Txile, berezko hizkuntzari (mapudunguna), kosmobisioari (lurraren seme-alabak) eta lurraldeari eutsiz, oraindik ere.

Inken eta espainolen aurka garatu zuten borrokari esker, 1890. urte ingurura arte independentzia gorde zuten. Argentinako ejerzitoaren «Campaña del desierto» eta txiletarraren «Pacificación de la Araucania», sasoi berean eta koordinaturik egin zuten konkista kanpainek, milaka hildako, preso, kontzentrazio zelaietako gatibu, mehatz eta garraiobideetako esklabo, hirietako burgesiaren doako maputxe neskame, eta euren amarengandik berezitutako winken (zurien) eskupeko ume maputxe utzi zituen. Duela 120 urte, soilik. Genozidioaren mugetaraino iritsi zen estatu bien kanpainak bultzatu zituzten politiko eta militarren artean ugariak dira abizen euskalduna zutenak.

Duela bost hilabetetik hona, Pinocheten garaiko lege antiterrorista bertan behera uztea aldarrikatuz, Rosa Kalfunao preso politiko maputxeak gose grebari ekin zionetik, goraka doa Txile osoan eta Gulumapun (Txile azpiko Maputxe herria) Bacheleten gobernuaren poliziaren errepresio basatia. Dozenaka komunitate maputxe militarizatuta daude, gauez polizia etxeetan sartu, leihoak eta ateak hautsi, irain arrazistak bota, arrastaka atera, jo eta soroak erre. Gulumapun eta Txilen zeharreko hirietan eguneroko bilakatu diren protesta gehientsuenak jazarri, jendea kolpatu, ura bota, atxilotu. Ehundaka dira azken hilean kaleko protestetan atxilotutakoak, dozenaka ume barne, Temuco, Santiago, Valparaiso... Errepresioa Puelmapura (Argentina azpiko mapuche herria) ere zabaldu da, eta Furilofchen (Bariloche) ere atxilotuak izan dira. Gertakariak argitzeko ordezkaritza bidali duen Agrupacion de Familiares Detenidos Desaparecidos elkarteko lehendakari Lorena Pizarrok adierazi berri du: «Izu eta ikaraz ikusi dugu, Txilen diktadura sasoian bizi izan ginen baldintza berberetan bizi direla maputxeak. Ikara sortzen duen egoera dago bertan».

Urtarrilaren 7an, Jorge Luchsinger empresariak maputxeei lapurtutako lurrak berreskuratzeko ekintza batean, esku hutsik zihoan maputxe taldearen aurka chiletar poliziek tiro egin eta Matias Catrileo Coordinadora Arauco Malleco-ko kidea erail zuten. Lau urtetan, antzeko egoeratan eraildako bosgarren maputxea da. Ondoko egunetan, dolu manifestazio batean bere ama, ahizpa eta neskalaguna atxilotu zituzten. Osteko Luchsingerren berbak: «Indioak ez du inoiz lanik egin, ez du gaitasun intelektualik, ez du ezer produzitzen. Tiroka bota behar badira, bota egingo ditugu eta kito».

Patricia Troncoso, preso politiko maputxea, 110 egunez gose greban egon da, lege antiterroristaren deuseztapena, komunidadeen desmilitarizazioa eta preso politiko maputxeak askatzearen alde. AI, NBEko Jatorrizko Herrietarako kontalaria, Txileko eta Argentinako giza eskubideen aldeko mugimendu gehienak eta benetako ezker mugimenduak bat eginda egon dira bere borrokarekin. Europan elkartasun adierazpen ugari izan dira. Bachelet itsu, gor eta mutu egon den bitartean, berba bakarra poliziarena izan dela. Kaleetan jendeak lelo hau darabil: «Michel, Michel, que tiene Michel, que mata y tortura igual que Pinochet».

Urtarrilaren 29an, antsiatzen genuen berriak argitara egin du jauzi. Patricia Troncosok (Corte de Justicia Interamericana-k berak salatutakoari buruzko ikerketak zabaltzea onartu eta gero) gose greba uzteko eginiko aldarrikapenak onartu egin ditu: bera, Jaime Marileo eta Juan Millalen preso politiko maputxeak heziketa eta langune batera eramanak izatea erregimen zabalean, martxotik aurrera.

Google-en «Patricia Troncoso» sakatu eta 858.000 sarrera dituzu. EITB24.com-en, 0 sarrera. Euskadi Irratiak Txileko berri bat eman zuen duela gutxi, gizon bat, nolatan jakin barik, teilatu batean esnatu zela. Azkarraga sailburua Txilen egon da egunotan, txintik ez maputxeez. Ramon Rubial Fundazioak (PSE) urtarrilaren 24an saria eskaini zion Michel Bachelet-i, askatasuna eta demokraziaren aldeko bere emanagatik.

Maputxeek diotenez, euren etsai nagusia transnazionalak dira. Anai-arreba dituzten lurra, errekak, mendiak deuseztatzen dituztenak: Benetton, Endesa, BBVA, BBK,... II Hizkuntzen Biltzarrean, joan den uztailean, Sandro Pichicura Puelmapuko maputxeak eskatu zion Miren Azkarateri, transnazionalen bidez bere gobernuak maputxe herrian zituen inbertsioak erretiratzea. Azkaratek erantzun zion: «transnazionalei dagokienez, bat etor naiteke zurekin aurrerabideak duen izaerari dagokionez, eta hori bada ere gizarte batek leku bat bilatzeko egiten duen ahaleginaren alde bat, herri txiki batean aukerak izaten segitu ahal izateko XXI. mendearen Europan. Eta ulertzen dut zuk beste era batera ikustea».

Patricia Troncosok, berriki utzitako heriotz hegitik dio: «Izan ere, zuek, politiko jaunak, paso egiten duzuen bitartean, etorkizuneko belaunaldientzat ernetzen eta hazten darraite maputxeek, eta maputxeek zuen harrokeriari eta zapalkuntzari erresistentziaz eutsiko diote. Bai baitakigu, bat jausten bada hamaika altxako direla borrokan. Biharkoaren ostean ez errenditzeko deia egiten dut, kamerak eta prentsak alde egingo dutenean eta defentsan bakarrik geldituko garenean. Biharkoaren osteko egun horrek gure koherentzia eta erresentzia osoa beharko duelako, isiltasunean etsaia bueltan etorriko delako, eta kateatuko gaituelako berriz ankertasun handiago batez, inoiz ez gaitezen berriro zutitu».

Beste herri bat zapaltzen duen herria ezin daiteke aske izan. Marichi weu. Irabaziko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo