Julen MURGOITIO
Seinaleak seinale
Gotzainek beti eduki dute esku bat elizan eta bestea politikan, gorputzaren beste adarrak ez aipatzearren. Azken finean eurek asmatu zuten pulpitua! Horregatik niri ez zait batere arraroa egin beheko Estatuaren apezpiku-batzarrak hauteskunde atarian kaleratu mezua, moralez mozorrotua. Batere arraroa ez. Kolore desberdinetako poliziak kalean ostiak banatzen ibiltzearena elizak politikan duen eraginaren beste seinalea baino ez da, Legebiltzarreko ganberan hizlariak berba egiteko dagoen atrilak pulpitu itxura izatearena bezalakoa; lehen egurra ematen zuen poliziak kalean, azken aldian ostiak ematen ditu, basogintzak politikan zuen eragina bertan behera etorri den seinale. Arraroa bestelakoa izango zen, apezpikuok geroko zeru aldeko balizko erosoa, familian beti ere, lurretik goraipatu gabe gaurko lur aldeko benetako erasoa lurretik bertatik kritikatuko balute, hor, han, hemen edo Iraken. Hori bai arraroa! ni kristau bidera itzultzeko seinale. Txantxetan nagoela! bide horretan atzera egiteko batere asmorik ez dut, Kubako koma-andanteak dioenez abiada hartzeko balitz ere! Tira! Orain serio. Nik izarren arteko espazio zabal-zabal eta urruneko hori ikertzeari ikusten diodan abantaila bakarra zera da, kanpoalde horretako non edo non elizarik gabeko zibilizaziorik ote den jakitea, zeren eta egotekotan hara jauzia egiteko prest nagoen, horretarako beheko Estatuak eman beharreko pasaportea faltsutu egin beharko banu ere. Baina hobeto pentsatuta, hobe izango litzateke, lurtarrontzat behinik behin, elizarik gabeko zibilizazioa kanpoko nonbait balego hara bialtzea lur honetako eliza, horren ondarea Nafarroako lurretan utzita, jakina, eta lur honetako elizkide politiko guztiak, ezkerreko, eskuineko zein zentrokoak, jaungoiko eta lege zaharren apologista horiek bidai buru direla. Dirua jarriko nuke nik horien bidaia ordaintzen laguntzeko, ogasunak desgrabatuko ez balit ere. Zin dagit! Are gehiago, familian kantatuko genieke espazio-ontzien jaurtiketa lekuan: Agur jaunak (eta andereak), jaunak (eta andereak) agur, agur beti. Amen. Klima aldaketak oraindik ere konponbidea izan dezakeen seinale. Tira, gaur makila hartu eta herriko inauterietan apezpikuz mozorroturik ikusten badut Agate Deuna kantatuko diot buru gainean. Bi aldiz gainera, eskuzabala naizen seinale. Amen, hemen omen.