Top 14
Laugarren entsegua besterik ez zaio falta izan Avironi
Zuri-urdinak jaun eta jabe izan ziren lehen minututik azkenekora arte; garaipen horri esker sailkapenaren goialdean jarraitzeko moduan izango dira
AUCH 10
Jon LEUNDA | BAIONA
Avironek ez zuen hutsik egin, eta garaipena erdietsi zuen atzo sailkapeneko azkenekoaren aurka; hala ere, bost puntu batu ezin izate horrek, nolabaiteko tristura utzi zuen zaleen artean. Zuri-urdinak gehiago izan ziren, erraz menderatu zuten aurkaria, baina puntu gehigarria ezin izan zuten lortu, nahiz eta laugarren entsegua ere gertu izan zuten. Dena den, lau puntu ere ez daude batere gaizki.
Lehen minututik ikusi zen zuri-urdinak gehiago zirela, zelaian nagusi ziren, eta jokoan eroso aritu ziren. Lehen aukeran, Dourthek baloia barrura bota zuen, eta 3-0 aitzineratu ziren. Hutsegite txiki baten ostean, ordea, kanpotarrek zigor bat atera zuten leku on batean, eta berdinketa erdietsi zuten.
Hortik aitzinera, ordea, Baionako taldearen jokoa bakarrik ikusi zen zelaian. Erasora jo zuten, eta oren erdia betea zenean, Larretxeak etxekoen lehen entsegua egin zuen. Dourthek ez zuen transformazioarekin asmatu, baina hiru minutu beranduago izan zuen zigorra gauzatu zuen, eta 11-3koarekin joan zen Aviron atsedenaldira.
Lau entsegu
Bigarren zatian Avironek bazekien nagusi zela, eta erasora jo zuen. Hasi orduko lortu zuen transformatutako entsegua. Bide beretik jarraitu zuen, eta transformatutako beste entsegu bat ere lortu eta markagailuan 25-3koa jarri zuen.
Partida ia erabakita zegoen, baina lapurtarrek laugarren entsegua nahi zuten puntu gehigarria ere lortzeko. Hori ez zen iristen, eta partida amaitzeko zorian zegoela kanpotarrek egin zuten entsegua, eta transformatu ere egin zuten; horrek markagailua itxuratzeko bakarrik balio izan zien baina. Garaipen honi esker, Avironek sailkapenareno goiko aldean jarraituko du, eta dagoeneko jaitsiera atzean utzia du.