GARA > Idatzia > Musika

Agur, Jaunak. Jakintza. Generoa. Erlijioa

Parisko Notre Damen aurrealdean jarri ziren kantatzen oraindik ezezagunak ziren Kellytarrak. Euskal Herrian ikasitako pare bat abesti sartu zituzten euren errepertorioan. Horietako bat bukatu ondoren, gazte bat hurbildu zitzaien emozioz beterik eta ea zer abesti kantatu zuten galdetu zien. Euskal Herriko abesti bat zela erantzun zioten malkotan zegoen Springsteen gazteari, «Agur, Jaunak» izenekoa

Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea

Oso jakintsua izatea edota asko jakitea ez da maiz komenigarria izaten. Gero eta gehiago jakiteak arazo handi bat dakarkigu, norberaren jakituria ase ezinaren menpe izatea eta jakiteko egarri-gosea ez dela bukatzen. Gauza bat da gose izatea eta bestea betekadak eztenkadak ematea eta bertan geratzea; Marco Ferreri zuzendariaren «La Grande Bouffe» filma datorkit burura. Baina, gero eta gehiago jakin, gutxiago dakigula ematen du; beraz, gero eta gutxiago jakin, orduan eta gehiago dakigu. Ez dakit. Edo, bada, badakit eta ez dut jakin nahi? Pentsamenduarekin geratuko naiz. Pentsamendua dut. Bruce Spring-steen (The Boss) Bilbora etorri zenean kontzertua ematera, «Gabon Bilbo, zelan zaudete?» esaldiarekin hasi zen. Donostiara etorriko da laster, eta han zer esango du? Agian, «Gabon Donostia, ze mouz?». John Kelly abeslariak (The Kelly Family) gertakizun hau kontatu zidan. Parisko Notre Dame katedralaren aurrealdean jarri ziren kantatzen oraindik ezezagunak ziren Kellytarrak. Euskal Herrian maiz egondakoak dira eta ikasitako pare bat abesti sartu zituzten euren errepertorioan. Horietako kantu bat bukatu ondoren, gazte bat hurbildu zitzaien negarrez, emozioz beterik, eta ea zer abesti kantatu zuten galdetu zien Kellytarrei. Euskal Herriko abesti bat zela erantzun zioten malkotan zegoen Springsteen gazteari, «Agur, Jaunak» izenekoa. Kultura guztiak, eta batez ere mendebaldekoak, etnozentristak dira, narzisistak. Kultura guztiek barneratuta dute botere politikoa, hori unibertsala baita. «Agur, Jaunak» abestia XIX. mendearen bukaeran eman zuen ezagutzera Peña y Goñik. Baina, 1955ean Vienako jatetxe batean, nota berberak zituen abestia entzun zuen euskaldun batek txundituta Vienako musikari baten ahotik. Nork nori hartu dio kantua maileguan? Euskal testuak gizonezkoen generoa hartzen du kontuan eta eliza katolikoaren jainkoak sortu dituela jaunak. Sonoritatea, seriotasuna, dotorezia eta indar guztia gizonezko jaun eta eliza katolikoan sinesmena dutenentzat utzi dute. Testuari darion genero kiratsa kantua bezain dotorea da. Jainkoaren abilezia jaunak egiteko orduan. Sinesmen kontua da. Ikuspegi heterozentrista ahaztea komenigarria da. Tradizioaren eta ohituraren aginteari ez diogu men egin behar. Hirurak (tradizioa, ohitura eta agintea) suntsitzeko baitaude. Pentsamendu kritiko eta apurtzaileen benetako suntsitzaileak daude, agortzaileak.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo