«Hamar urteren ostean etapa bat itxi eta atseden hartzea erabaki dugu»
Skalariak Taldeko Abeslaria
Gurean aski ezaguna den ska talde nafarraren burua dugu Juantxo. Errepidean hamar urte eman eta nazioarteko oihartzuna lortu duen taldea atsedenaldi beharrean omen da egun. Alta, seigarren lana plazaratu dute oraintsu, ibilbide oparoa laburtu duen zuzenekoa, CD/DVD formatuan. Gainera, zuzeneko diskoarekin batera dokumental bat ere ekoitzi dute, elkarrizketa, pasadizo eta besterekin.
Anartz BILBAO | BILBO
Skalariaken lan berriak ezohiko prozesua eraman du, alderantzizkoa. Taldeak aurkezpen bira egin du aurrena, ondoren azken kontzertua grabatu eta plazaratzeko. Argitalpena biribiltzeko, gainera, duela sei hilabete ateratzekoa zen dokumentala gehitu diote, biak batera argitara ematea interesgarriagoa zelakoan. Horrela azaldu digu Juantxok, protagonistak berak.
Lan berria argitaratu duzue, aurrenekoz zuzenean. Taldearen ibilbidearen laburpena?
Hamar urte eta kantu mordo baten ondoren aukeraketa bat egin genuen Bartzelonan jo eta zuzeneko diskoa plazaratzeko. Grabaketa honek bazuen eragozpen bat, gainera: zuzeneko bakar bat izango zela, ateratzen zen moduan ateratzen zela ere. Emandako kontzertu hori bera da zuzeneko diskoa, hogeita sei kantu biltzen dituena -tartean Ska Republik bira zabaltzeko sortu genuen «Sarrera VI» argitaragabea-, hamar urteko ibilbidearen laburpen gisa.
Zuzenean eta Bartzelonan.
Mementoari dagokionez, hamar urteren buruan etapa bat itxi eta atseden hartzea erabaki genuen. Tokiari dagokionez, berriz, negua izanik, areto itxi bat behar genuen soinua eta irudia egoki grabatzeko, eta Bartzelonan aurkitu genuen.
Hamar urte, memento berezi eta gogor ugari...
Memento bereziei dagokienez, gogoan dut San Ferminetan iragarri gabe emandako kontzertua, kalean eman genuen aurrenekoa. Baita Victor Jara aretokoa ere, zirraragarria. Aurrenekoz Txilen eta bost mila lagun inguru genituen aurrean, denak kantuan! Memento gogorrenak eta desatseginenak, berriz, taldekide aldaketetan izan ditugu.
Lanak dokumental berri bat ere bildu du. Zer aurki daiteke bertan?
Hedabideetan normalean ageri ez dena azaleratu nahi genuen, hortik dator dokumentalaren ideia. Badugu publiko leial eta ugari bat munduan zehar sakabanatua eta taldearen eta kontzertuen atzean dagoena agertu nahi genien, atsedenik gabe hara eta hona ibili den talde baten bira neketsuak eta kilometro andana agerraraziz. Ideia 2001ean «Street ska» dokumentala plazaratu ostean sortu zen. Dokumentalaren zati handiena guk geuk 2006ra arte han eta hemen grabatutako irudiz osatua dago eta gidoia taldekideona da, gero Bartzelonako talde batek editatua badago ere.
Erdialdeko Europan eta Latinoamerikan zehar egindako bira ageri da dokumentalean.
Hasieran, gure mugetatik kanpo, Italian eta Frantzian aritu ginen batik bat, eta azken lau urteetan Europa erdialdean eta ekialdean jo dugu, baita Latinoamerikan ere, bereziki Mexiko eta Txilen. Europa erdialdean jendeak jamaikar musikaren -ska eta reggae- ezagupen handia du eta asko mugitzen da kontzertuetan. Latinoamerika, berriz, izugarria da eta biderkatu egiten da berotasun hori. Baina, orokorrean, ska musikak publiko beroa du, nonnahi.
Ospe handia duzue herrialde horietan. Interneten eraginez?
Internetek izan du eragina taldean, bai. Ez gara disko etxe indartsu bat atzean duen taldea, baina Interneti esker zaleekin harremanetan sartu eta loturak indartzea lortu dugu, eta oihartzuna eman nahi izan diogu horri. Euskal Herriko taldeetan aitzindariak izan ginen web orria egiten. Kontuan izan, gainera, Internetez komunikatzea ohikoa duten jarraitzaile gaztetxoak ditugula, bizi gaituen garaiari dagokion legez. Pentsa, azken singleak ehun mila deskarga izan zituen sarean!
Zuzenekoak ere zabaldu izan dituzue bide horretatik.
«Klub Ska» diskoarekin areto txikietan jo eta «En la calle» lanarekin karrikara atera ginen bezala, «Radio Ghetto»-rekin izan genuen Internet bidez hedatzeko ideia. Mugak apurtu eta ghettotik atera nahi genuen www.radioghetto.com irratia sarean jarrita. Kontzerturen bat edo beste ere eman genuen bertatik, zuzenean.
Hedabide handietako musika eredutik ihesi.
Musika ez komertziala hedatzeko modu bat da, azken finean. Gure inguruko gizartearen eta gertaeren isla izaten saiatu gara, gure lanetako izenburu eta hitzetatik hasita. «Radio Ghuetto» diskoarekin konturatu ginen kultur eta gizarte mailan isolatuta gelditzen ari ginela eta saiatu ginen 60ko hamarkadan Jamaikan jaiotako ska musika zabaltzen, jendeak erraza dela uste arren eragin asko dauzkalako, jazzetik hasi, rithm & bluesarekin jarraitu eta calipso musikarekin bukatu arte. Estilo aniztasuna plazaratu nahi izan genuen sareko irratiko saioen bitartez, gure taldeak ere musika nahasketa oparoa duelako.
Beti ska musika ardatz.
«Klub ska» lanak ska estilo nahasketa agertu zuen, «En la calle» punkiagoa dugu eta «Radio Ghetto» latinoagoa da. Azkenak ere, «Luz Rebelde», ildo hori jarraitu du eta erritmo berrietan esperimentatzeko pauso bat gehiago da.
Internet erabili aurretik ere ez zeundeten geldirik, hala ere.
Ska musikan, Internet sortu aurretik ere, bagenuen elkarren arteko harremana, fantzine eta gutunen bitartez. Guk, adibidez, «Black & White» izeneko fantzine batean parte hartu genuen. Zailagoa zen, eta ez zegoen egunetik egunerako informaziorik, baina saiatzen ginen banaketa egiten, diskoak trukatzen...
Itzul gaitezen taldera. Orain... atsedenaldia?
Ez dugu inor engainatu nahi. Makina bat taldek esaten du bukaerara iritsi direla gero berriro itzultzeko. Guk geuk ere ez dakigu zer ekarriko digun etorkizunak, baina lehen batean bi urteko atsedena hartu nahi dugu. Izan daiteke tarte laburragoa edo luzeagoa ere, edo sekula ez itzultzea. Gauza da atseden beharrean geundela.
Biraz bira ibiltzeaz nekatuta.
Hamar urte eta seiehun zuzeneko baino gehiagoren ondoren, gauzak beste saihets batetik ikusteko gelditu beharra dago, gurpilean sartuta ez baitago atseden hartzerik. Gelditu, gauzak hausnartu eta baloratzeko, komenigarria da burua etorkizuneko helburu edo erronka zehatzik gabe izatea.
Bitartean, egitasmo berrietan parte hartuko duzue?
Hori gutariko bakoitzaren kontua da eta nik ezin dizut ezer esan. Ikusiko dugu.