Aitor Irigoien Odriozola Getaria
Ezkutuko agenda
Nahi duten moduan eta nahi dutenean, inongo frogarik gabe, edota ez buru ez hanka ez duten sasi-frogak medio, politikariak jarraituak eta atxilotuak izaten ari dira:
Hitz egin eta beste alderdiekin bilerak izateagatik. Bide demokratikoetatik, politika eginez, gatazkaren konponbidea bilatzeagatik. Azken finean, euren ideia eta pentsamenduengatik.
Aldi berean, ideia zehatzak defendatzen dituzten alderdi jakin batzuk ilegalizatuak dira hauteskunde garaietan: momentuko egoera politikoaren eta boto aurreikuspenen arabera, batzuek hauteskundeetan emaitza hobeak lortzeagatik. Estatuan botere banaketa gezur handi bat, eta giza eskubideak urruneko zerbait izateagatik. Frankismo garaian oso ohikoak ziren ohitura eta jarrerak egun oraindik ere bizi-bizirik daudelako. Demokraziaren porrota eta gabezia zoritxarrez errealitate gordina direlako.
Bestalde, euskal herritarrak eta batez ere gazteak kriminalizatu eta espetxeratzen dituzte: pentsatu, parte hartu eta antolatzeagatik. Libre izatearekin amestu eta beste era bateko etorkizuna desiratzeagatik. Aldaketaren motorra izateagatik. Gainontzeko gazteei abisua emateagatik, beraiek ere, mugituz gero, espetxeratuak izango direla gogoraraziz.
Horiek horrela, lehendik ere gehiegi atzeratzen ari den konponbidea gero eta urrunagoa eta zailagoa ikusten da: elkarrizketa bultzatu ordez, berau zigortzen delako, herriaren hitza errespetatu beharrean, inposizioa eta indarkeria erabiliz. Terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakian denak balio duela sinesteagatik. Alde batek bakea nahi ez izateagatik. Beste aldea elkarrekin batu eta aurrera egiteko gai ez izateagatik.
Egun «Tierra y Libertad» edota «El viento que agita la cebada» filmeen bidez ezagun egin den K. Loachen «Agenda Oculta» filmaren hasieran, Britainia Handiko Tatcherren Gobernuari egindako deskribapenak azken hamarkadetako espainiar Gobernua ere ederki azaltzen du: «Britainiako (Espainiako) Gobernua, zuritzen ari zaren tipula bezalakoa da: zenbat eta azal gehiago kendu eta barnetik hobeto ezagutu, orduan eta negargura gehiago ematen du».