GARA > Idatzia > Gutunak

Xabier Landa Telleria Goierriko AHT Gelditu! Elkarlaneko kidea

Beasainen hasi dituzten zundaketa lanen gainean

Badira pare bat aste Beasainen Abiadura Handiko Trena egiteko beharrezko dituzten zundaketa lanak hasi dituztela. Beti bezala, zuzenean lurretan sartuta eta jabeei beraien eskubideak zeintzuk diren argi adierazi gabe hasi dituzte zundaketa lan horiek.

Prozesu horretan, Administrazioak, eta kasu honetan Beasaingo Udalak, eman dituen erraztasunak gutxienez susmagarriak direla esan genezake, bitartekari lanetan aritu baita, lurjabeak Udalera zuzenean azaltzeko eskatuz eta proiektu txikitzailea gauzatzeko komeni den informazioa soilik emanez. Lurjabeak banan bana deitu dituzte eta beren lurretan nahi dutena egiten utzi behar dietela adierazi zaie; hori omen da hoberena.

Hoberena, ordea, norentzat? Lurjabearentzat? Baserritarrarentzat? Herritarrontzat? Ez. Lurretan nahi dutena egiten uztea makroproiektuaren sustatzaileentzat soilik da hoberena. Zergatik? Horrela legeak agindutako desjabetze prozesua ekiditen dutelako, horrela lurjabe edo baserritarren eskubideak errespetatu behar ez dituztelako, horrela denbora irabazten dutelako. Eta zergatik denbora irabazi? Euskal Herriaren etorkizunarentzat mugarri izan daitekeen azpiegiturak ezin al dio desjabetze prozesu bati itxoin? Ezin al du lurjabearen eta baserritarraren eskubideak bermatu arte itxoin? Ez. Ingurumenean eragin itzela izateaz gain, bai gizarte ereduan, bai lurralde egituran eta ekonomian, eragin izugarria izango duen azpiegiturak ezin du gehiago itxoin. Gehiago itxoiteak aurka dauden pertsonak ugaritu eta indartu egiten dituelako; gehiago itxoiteak azpiegitura bera bertan behera uztea ekar dezakeelako.

AHT gelditzen aritu gara; AHT gelditzen ari gara. Erabat gelditu nahi baldin badugu, ordea, guztion indarra behar dugu, azpiegitura hori benetan zer den dakigun guztion ahotsa entzunarazi behar dugu. AHT geldiarazteko pausu txiki horien guztien baturak bidea eginaraziko digulako, bihar, arratsaldeko zazpietan, azal zaitez Zubimuzu plazara. Zundaketa lanik ez! AHT geldituko dugu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo