GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hendaiako EH Baik herrialdeen arteko harremanen potentziala garatu nahi du

Kantonamenduko lur espekulazioari, turismo eta zerbitzuetan oinarritutako jarduera ekonomikoari eta egungo garraio politikari aurre egiteko, Elizondok eta Urreiztietak programa berria aurkeztu dute. Ahalegin guztiak egingo dituzte Poulouk eserlekua eskura ez dezan.

p018_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Euskal Herriko herrialdeen arteko harremanak biderkatuz garapen ekonomikoaren potentziala handitzea proposatu du Beñat Elizondok, Euskal Herria Baik Hendaiako kantonamenduan aurkeztuko duen hautagaiak.

Bere ordezko Miren Urreiztieta lagun, atzo jakinarazi zituen programaren ildoak. Turismoa eta zerbitzuak nagusi diren jarduera ekonomikoa orekatzearen premia nabarmenduta, Euskal Herriko Ofizioen Ganbera sortzearekin batera, berezko unibertsitatea eta formazioa eskolak eta industria txikiarekin lotutako jarduerarako guneak ere plantan jartzea bultzatu behar direla uste du.

Ildo horretatik, herrietako Hirigintza plangintzetan lurzoru erreserbak finkatzea ezinbestekoa dela adierazi zuen, «egun, gure kantonamenduan ez baitago horretara bideratutako lurrik». Bigarren etxebizitzen eraikuntzari eskaintzen zaizkion gehiegizko eremuak dira, besteren artean, hutsune horien errudun. Hain zuzen ere, etxeen %30 bigarren egoitzakoak izateak espekulazioa izugarri emendatzea ekarri duela salatu du.

Interes kontrajarriak

Horretan, Daniel Poulou egungo UMPko kontseilariaren jokaerak zerikusi handia du Elizondoren ustez. Urruñako zinegotzia denarentzat, Poulou etxegintza promotore den heinean, «ez da harritzekoa bere interesen alde egitea». Bitartean, kantonamenduan etxebizitza soziala eskuratzeko dauden 1.200 eskaerek bere horretan diraute. Eskaerei aurre egiteko, besteren artean, higiezin proiektu guztietan %50etik gora etxebizitza soziala izatea proposatzen du EH Baik.

Elizondok euskararen ofizialtasunari «nahitaezkoa» iritzi, eta berriki Poulou Estatuak Hizkuntzen Karta sinatzearen kontra agertu dela salatu zuen. Hizkuntza eta Euskal Herriaren nortasun berezia defenditzeko prest agertu ziren bi hautagaiak, eta bere garapena ziurtatzeko, eskumen zabaleko berezko esparru instituzionala izateari nahitaezko iritzi zioten. Halaber, euskal presoen estatus politikoaren eta herriratzearen alde ekiteko eta demokrazia parte hartzailea sustatzeko borondatea azaldu zuten.

Arrantzan, nekazaritzan, gizartegintzan, garraio eta errepideetan, ingurumenean... guztira 50 neurri jasotzen dituen programa ezagutaraziko dute, «jendearengana zuzenean joz» eta bilkura publikoen bitartez.

MITINA, 1ean

Martxoaren 1ean, mitin-festa egingo da Urruñan bazkari, kontzertu eta guzti. Horretaz gain, Hendaian otsailaren 25ean, Urruñan 26an, Ziburun martxoaren 4an eta Biriatun 5ean bilkurak izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo