Sarkozyren «soldaduei» baino, ezkerreko abertzaleei bozkatzera dei egin du Segik
A.M. |
«Bere interesen ekonomikoen mesedetan, gure herri eta hiriak kudeatzen dituzten jauntto eta enpresari familia handiekin etorkizuna ezinezkoa» dela adierazita, Segik plataforma ezkertiar eta abertzaleetan parte hartzera deitu du gazteria. «Euskal Herriaren desagertzea amesten duen Sarkozyren soldaduak» bilakatutako hautagaiek ez dute, gazte erakundearen iritziz, «ez errespeturik ez bozik merezi».
Euskal Herriko egoeraren argazkia hamaika aldiz azaldu edo salatu badute ere, «gauzak bere horretan edo okerrago» daudela diote. Esaterako, orain zortzi urte gazteen %9ak euskara zekien; egun, ordea, %5eraino jaitsi da portzentaia. Ikasketa arloan egoera berdintsua da. Ipar Euskal Herriko gazteek «eskaintza oso murritza» dute eta ikasketak jarraitzekotan kanpora jo behar dute. Oro har, bere lehen lana ere han aurkitzen dute. «Horrek ez du Euskal Herriaren garapen ekonomikoari bat ere mesederik egiten», nabarmendu dute Segiko kideek.
«Gehiegizko turistifikazioaren» eragina zuzenean pairatzen dute gazteek, hala nola, espekulazioaren ondorioz etxebizitza duina eskuratzeko ezintasuna; laborari gazteak plantatzeko lurrak lortzeko izugarrizko zailtasunak, lan-prekaritatea eta abar.
Parisen estrategia
Segirentzat hori dena ez da «kasualitatea, Estatu frantsesaren estrategia baizik, bertako hautetsi eta jaunttoen bidez gauzatzen duena». Egoera aldatzeko, «independentziaren bidean autonomia izanen den lehen urratsa egiteko eskumen zabaleko instituzioa beharrezkoa» dela deritzo eta, ildo horretan, boza EH Baiko hautagaiei ematera deitu ditu euskal gazteak.