GARA > Idatzia > Kultura

Txalo Produkzioak taldearen «Grönholm metodoa» lanaren estreinaldia egingo da Donostian

Jordi Galcerán idazle katalanaren «El método Grönholm» antzezlan arrakastatsuaren euskarazko egokitzapena Antzoki Zaharrera eramango du Txalo-k. Kritika, suspentsea eta komedia uztartzen ditu oholtzan.

p049_f01_148x096.jpg

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

«Multinazional batean, exekutibo plaza bat betetzeko azken lau hautagaiak gela batean bildu dituzte, hautaketa prozesuko azken probak egin ditzaten. Lehen ikusian kosta egiten da sinestea lanpostuari berari dagozkion probak direnik, hain dira absurduak denak. Pertsonaiak jolasean dabiltza, baita publikoa ere haiekin batera, egia eta gezurra bereizteko ahalegin antzuan...». Horra hor Txalo Produkzioak taldeak taularatuko duen «Grönholm metodoa» antzezlanaren abiapuntua. Euskarazko egokitzapenaren estreinaldia Antzoki Zaharrak hartuko du, gaurtik igandera bitartean.

«Neoliberalismoaren kritika garratza» da antzezlana, Carlos Zabala zuzendariaren esanetan, baina komikotik eta suspentse ikuturik ere ez zaio falta; diotenez «azken esaldira arte ez baita jakiten istorioa zertaz doan».

Obra Bilbon girotu nahi izan du Zabalak, eta horretarako Itziar Ituño, Asier Hormaza, Ramon Agirre eta Joseba Apaolaza daramatza agertokira. Oinarrian, berriz, Jordi Galceránen obra dute, eta Julia Marinek euskaratu du «gure komunikatzeko erara ekarrita». Bi orduko bertsio orijinala ordu eta laurdenekora moldatu du, baina, Txalo-k.

Itzulpenaren ardura ez ezik, Marinek zuzendari laguntzaile lanak ere hartu ditu bere gain. «Hau ere testu obra dela esango nuke, hitzean oinarritzen baita», aipatu du. Izan ere, hitzari garrantzia eman nahi diote, «bat egin dezan, obraren edertasunean parte har dezan».

Gainera, euskara hutsean ari da taldea lanean, eta prozesu osoan «hitza mimatzeko aukera» ematen die hautu horrek. «Hain zuzen ere -gogorarazi du Marinek- gaztelaniaz eta euskaraz lan egiten duzunean, euskara izaten da galtzaile. Oraingoan ez da horrelakorik gertatu».

Aurrekaria, «Artea»

Carlos Zabalak nabarmendu du «erraza» dela elkar ezagutzen duen jendearekin lan egitea. Izan ere, Txalo-k «Artea» lan arrakastatsuarekin abiatutako ibilbideari nolabait jarraipena ematea izan baitu orain erronka -lan taldea berriz elkartuta-.

Hala bada, iaz bere gain hartu zuen Yasmina Rezaren «Arte» antzezlanaren euskarazko bertsioa plazaratzearen ardura -sari andana lortu dituena, eta hala esperientzia «goxoa» eragin- eta aurten gauza bera egin du Jordi Galcerán katalanaren «Grönholm metodoa» lanarekin, biak ala biak mundu osoko antzokietan ikusgai izan direlarik. Gerora ere, gainera, ez dute baztertzen formula bera baliatzea.

Dena den, «metodoa» bera dagoeneko zinema aretoetara iritsi bada ere, Zabala zuzendariak aitortu du ez duela oraindik filma ikusi, kanpoko eraginik ez izateko. Eta Txalo-k gaztelaniazko bertsioa plazaratzea, bestalde, ez du behin ere aurreikusi. «Hemen badago maila, hau euskaraz eta ondo egiteko. Ez dugu inolako konplexurik», nabarmendu du Asier Hormazak.

Bada, gaurtik eta igandera arte, Txalo-ren bertsioa publiko euskaldunarengana iritsiko da Donostian. Eta hurrengo hilabeteetarako beste 50 bat hitzordu ere badituzte adostuta. Bilboko Arriagara, adibidez, hilaren 12 eta 13an iritsiko da antzezlana; Iruñeko Gayarre antzokira ere, hil honen bukaeran; eta Gasteizera, aldiz, apirilean.

Martxoaren 5ean, Eibarko Antzerki Jardunaldietan ere izango da ikusgai «metodoa». Bitxikeria gisa, bezperan agertoki berean Madrilgo konpainia batek gaztelaniazko bertsioa ere eskainiko duela, Tamzin Townsend zuzendariaren esanetara.

Fitxa

Izenburua: «Grömholm metodoa».

Egilea: Jordi Galcerán. Konpainia: Txalo Produkzioak. Zuzendaria: Carlos Zabala. Ekoizle arduraduna: Xabier Agirre. Itzultzailea eta zuzendari laguntzailea: Julia Marin. Antzezleak: Joseba Apaolaza, Asier Hormaza, Ramon Agirre eta Itziar Ituño. Emanaldiak: Antzoki Zaharrean (Donostia), gaurtik igandera bitartean, biak barne, 20.00etan. 75 minutu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo