GARA > Idatzia > Editoriala

Oraingoz McCain da aurretik

Amerikako Estatu Batuetako presidentea hautatzeko prozesuak aurrera jarraitzen du. Alderdi Demokrataren eta Alderdi Errepublikarraren hautagaiak zeintzuk izango diren aurreikustea gero eta zailagoa da, ordea. Aditu gehienen ustez, batzuek eta besteek buruak hautatuta beharko lukete honezkero, baina «super asteartea» igaro da, eta inor gutxi ausartzen da orain udatik aurrera lehendakari postuagatik zeintzuk lehiatuko diren ozen esaten. Nolanahi ere, azken egunetako prozesutik hainbat ondorio atera daitezke.

Lehenik eta behin, demokratak Obamaren eta Clintonen artean guztiz banatuta agertu direla esan behar da. Clinton aurretik doa, baina Obamaren emaitzak uste baino hobeak izan dira. Gainera, batzuk eta besteak banatzen dituen muga, aurreiritzi negatiboak dira, iritzi positiboen gainetik. Alegia, zuriek eta emakumeek Clinton babesten dute, eta gizonek eta beltzek Obama dute gogoko. Aurrera begira, muga hori gaindi ezineko langa bihur daiteke. Errepublikarren aldean McCainek bere posizioa nabarmen indartu du eta, oraingoz, Alderdiaren aparatuaren barruan babes nahikorik ez duen arren, hautagai errepublikarra izateko aukera gehien duen pertsona da, zalantzarik gabe. Argi dago McCainek ez ez duela ez kanpoan, ezta etxean ere bere aurkarien tamainako pasiorik sortzen. Baina pasio hori bi ahoko ezpata da. Aldekoen artean eragiten duten ilusioa gorroto bihurtzen delako aurkarien kasuan.

Demokraten batzar nagusia abuztuaren amaieran izango da Denverren, eta errepublikarrena, irailean Minneapolisen. Halere, McCain lehenago izendatuko dutela dirudi -beste hautagai baten babesa dela medio edo zuzenean delegatuen gehiengoa lortzen duelako-. Horrek abantaila handia emango lioke hautagai errepublikarrari. Izan ere, demokratak beraien artean azken unera arte lehiatzera behartuta baldin badaude, McCainek kanpaina egiteko aparteko bizpahiru hilabete edukiko lituzke. Halere, kasu horretan, ezin da azken uneko Clinton-Obama koalizioa baztertu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo