GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kontseiluak proposamena egin du udalen politika hobetzeko

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren arabera, euskararen normalizazioan aitzinera egiteko politika eraginkorrak behar dira herrietan. Hortaz, udal guztiek aurrerapausoak eman ditzaten hizkuntza politika berriak lortzeko tresnak aurkeztu ditu, eta elkarlanerako deia luzatu die udalei ez ezik, baita euskalgintzako eragileei ere.

Maider IANTZI |

Udalen hizkuntza politika hobetzeko bide bat proposatu zuen atzo Kontseiluak. Ibilbide hori jorratzeko tresnak aurkeztearekin batera, elkarlanerako deia egin zien udalei eta herrietan euskalgintzan ari diren eragileei. «Kontseiluaren nahia Euskal Herriko udal guztiek aurrerapausoak ematea da, eta helburu horri begira lan egingo dugu 2011. urtean neurketa berria egin arte», adierazi zuen Xabier Mendiguren idazkari nagusiak.

Lehenbiziko neurketaren emaitzak joan den urtean plazaratu zituzten. Orduan, 66 udalerritako hizkuntza politikak aztertu, eta ondorio garbi bat atera zuten: «Gaur egun aztertutako udalerrietan aplikatzen diren politikak ez dira nahikoa euskara normalizatzeko». Oro har, borondate hutsean oinarritutako hizkuntza politikak aplikatzen direla ikusi zuten, babes juridikorik gabekoak.

«Hutsune nabarmenak» zeudela konturatu ziren. Esate baterako, ikertutako udalen erdiek soilik dute euskararen ordenantza eta hori, ildo politiko-instituzionaleko arduradun Iñaki Lasaren aburuz, datu larria da, populazioaren zati handi bat babes juridikorik gabe dagoela adierazten duelako. Gainera, langile kontratatu berriak euskaldunak izateko erabakia hamalau udalek bakarrik hartu dute eta, horren ondorioz, «instituzioen euskalduntzea amaigabeko lan bihurtzen da».

Herenak ez du Plan Orokorrik eta zerbitzuak kontratatzeko joera handitzen ari den honetan, udalen %60k ez diete azpikontratatutako enpresei hizkuntzari dagokion eskakizunik egiten. Hamabost herrik aurkeztu dute euskaraz kontratatutako zerbitzuen emaitzen txostena.

Euskara normalizatuko bada, politika horiek guztiak aldatu behar direla ondorioztatu zuten Kontseiluko kideek. Neurketa egin zutenean abiapuntua zehaztea zuten helburu eta orain, aurrera egiteko bidea jorratzea.

2011ko hauteskundeak baino lehenago bigarren neurketa bat eginen dutela iragarri zuten. Orduan jakinen dute zein izan den urteotako garapena: zeintzuek hobetu duten hizkuntza politika, zeintzuek ez duten aldatu, bakarren batek gibelera egin duen... Bitartean, eragile lanetan jarraitzeko asmoa dute; batetik, azterketa herri gehiagotara zabalduz, eta, bestetik, udalekin zein herrietako euskalgintzarekin elkarlanean, aztertutako herri guztietan egoera hobetzeko dinamika sustatuz.

Zenbait tokitan interes handia ikusi dute egoera ezagutzeko. Beste kasu batzuetan, alderdi berak, toki batean ala bestean, politika arrunt ezberdinak aplikatzen dituela jabetu dira. «Guk uste dugu tresna egokiekin eraginez, lortuko dugula emaitza onak izatea. Aldeak egongo dira, Euskal Herri osoaz ari baikara, eta lana oso zabala baita. Baina itxaropentsu gaude; alderdiek ere ekarpena egin nahiko dutela uste dugu», agertu zuen Xabier Mendigurenek. «Udalak eta euskalgintzako partaideak daude jokoan, ez Kontseilua bakarrik. Baikorrak gara, baina jendeak ulertu behar du udalek garrantzia dutela euskararen normalizazioa lortzeko». Lekuan lekuko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuz, hizkuntza eskubideak bermatzen dituen eta herritarrak juridikoki babesten dituen ordenantza proposamena adostu zuten otsailean Akordio Soziopolitikoko eragileek. Kontseiluko idazkari nagusiaren ustez, halako tresnek fruituak eman behar dituzte nahitaez.

2005ean abiatutako neurketa beste herri batzuetara zabaltzen ari dira. Udalerri bakar bat ere ez zen iritsia froga gainditutzat emateko finkatutako 7 puntuko notara -gehien Azpeitia hurbildu zen, 6,8 punturekin- eta Zestoak 7,2 puntu lortu ditu.

WEBGUNE BERRITUA

www.kontseilua.org-en daude bilduta hizkuntza politika berriak lortzeko egindako ekarpenak. Neurketen emaitzak ez ezik, udaletako politiketan izan diren aldaketak ere kontsulta daitezke webgunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo